GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada Emakumea

Sasha DiGiulian gaztea bederatzigarren esferan sartu da

Hilaren 11n, 18 urteko eskalatzaile estatubatuarrak «Pure imagination» bidea (9a) kateatu zuen. Oso azkar, gainera, soilik hiru egunetan. Sei saio behar izan zituen. Josune Bereziarturen ondoren, DiGiulian da bederatzigarren graduan sartu de bigarren emakumea.

p050_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Duela urtebete aipatzen genuen Josune Bereziartuk langa oso goian utzi zuela, eta emakumezko eskalatzaileei kosta egiten ari zitzaiela gipuzkoarrak utzitako markara iristea. Bada, pasa den hilak 11n, Sasha DiGiulian gazteak 9a graduan sartzea erdietsi zuen «Pure imagination» bidea kateatu ondoren.

18 urteko estatubatuarra nahiko ezaguna egingo zaio irakurleari; izan ere, hilabete pasatxo argitaratutako kronika batean DiGiulianen izena aipatzen genuen. Rodellarren sinatutako bere hirugarren 8c+ bidea gogora ekarri genuen. Eta 9a zailtasunetik gertu zela gehitzen genuen, besteak beste, hiru 8c+ poltsikoan zituelako. Bistaz ere, ez zebilen batere gaizki, «Omaha Beach» (8b+) kateatuta baitzeukan.

Denbora kontua izan da, beraz. Bederatzigarren esferan sartzeko, estatubatuarra etxean bertan aritu da, Red Rive Gorge alderdian. «Pure imagination» bidea aukeratu zuen, eta, zalantzarik gabe, ondo baino hobeto moldatu da. 25 metro luze da bidea, erori pixka bat badu eta hiru tarte gogor ditu. Aipatu behar da erresistentziazko marra horretan atseden hartzeko lekurik ez dela. DiGiulianek dioenez, oso ederra: «Jonathan Siegristek zabaldu zuen iaz, eta lehen igoera Adam Taylorrek sinatu zuen. Helduleku txikiak ditu eta gogor borrokatu behar duzu azalean sentitzen duzun minaren aurka. Alabaina, oso bide ona da, estetikoa; oso gustura jardun dut».

Oso gaztea

Estatubatuarraren jarduera horrek ez gaitu ezustean harrapatu, baina, egiari zor, pixka bat harritu gaitu. Batetik, oso gaztea delako; 18 urte besterik ez ditu. Eta, bestetik, 9a graduko bidea izateko, oso azkar egin duelako; sei saio hiru egun ezberdinetan.

Lehenbiziko saioan, adibidez, inguruan zituen kide guztiak zur eta lur utzi zituen lerrootako protagonistak. Izan ere, lehen ekinaldi horretan mugimendu guztiak atera eta hainbat tarte gogor lotu zituen.

Arestian aipatu dugunez, etxean bertan, Red River Gorgen, jardun du: «Nire etxetik gertu dago, eta han ordu asko pasatzen dut. `Pure imagination' bidea aukeratzeko arrazoia oso argia da. Eta honakoa da: uste nuen erronka honek askoz ere denbora gehiago eskatuko zidala. Nahiz eta oso azkar kateatu dudan, bide hau inoiz egin dudan gogorrena da. Erresistentzia zein potentzia exijitzen ditu, eta oso ederra izan da, besteak beste, mugan jardun dudalako. Aurretik hiru 8c+ nituen, baina espero nuen 9a graduan sartzeak denbora gehiago eskatuko zidala».

«Pure imagination» bideari esker, DiGiulian 9a gradua egin duen munduko bigarren emakumea da. Lehena, jakina, Josune Bereziartu dugu, 2002. urtean «Bain du sang» egin eta gero. Gogora dezagun ere, Charlotte Durif frantsesak baieztatu duela esfera horretan sartu dela; aldiz, ia inork ez dio sinetsi.

«Josune ez dut ezagutzen, baina lortu duena goraipatzekoa da. Uste dut Josunek eta biok egin dugunak beste emakume batzuk inspiratzeko balio izango duela», adierazi du eskalatzaile estatubatuarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo