GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Jack O’Neill: «Ez daitezela barrabilak izoztu»

Jack O’Neill izan zen surf egiteko lehen ur jantziak egin zituena. Helburua Kaliforniako ur hotzetan koskabiloak bero mantentzea zen.

p054_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Kalifornian egin berri da ur hotzetako txapelketa garrantzitsu bat, Santa Cruz O’Neill Cold Water Classic. Txapelketa hori PRIME kategorian munduan egiten diren 11 probetako bat da, eta, Zeelanda Berria eta Eskozian egiten diren txapelketekin batera, ur hotzetako txapelketen itzuliko txapelketa nagusia da.

Horrez gain, ibilbide luzeko txapelketa da Santa Cruzen egiten dena, surf txapelketen historian zenbait txanda errepikaezin izan dituena. Sasoi berean, Euskal Herrian udazkenean sartu gara bete-betean, eguna laburtu egin da eta ura hozten hasi da. Ur jantzia armairutik ateratzeko garaia iritsi da, beraz.

Neoprenoa egoki nola zaindu eta honen inguruko zenbait aholku iaz eman genituen, beraz, ez ditugu errepikatuko. Hori bai,  norbaitek gai honen edo beste baten inguruko galdera edo iradokizunak baditu, helbide honetara idatzi eta nahi duena galdegin dezake: uhainabikaina@info7.com.

Gaurkoan lehen ur jantziak noiz eta nola erabiltzen hasi ziren ikusiko dugu.

Lehen ur jantziak

Sail honetan ez dugu inongo marka izeni propaganda egiteko asmorik, baina, egiari zor, gertakariak izan ziren bezala agertzen hasita, zenbait izen eta marka ezinbestean aipatu behar dira, O’Neill marka kasu.

Surfak bere historian izan duen gorakada handiena Kalifornian eman zen, 50eko hamarkadan, eta gorakada itzel horren ostean mundu guztira zabaltzen hasi zen. Surfak izan zuen boom itzelezkoa funtsezko hiru osagairi esker eman zen. Izan ere, hiru izan ziren surfa gutxi batzuen arteko kirol izatetik masa kirol izatera iragateko eragile nagusiak. Lehena, taula txiki eta arinagoak egitea; bigarrena, Hollywooden egin zituzten zenbait filmek izandako arrakasta; eta, hirugarrena, neoprenoek urte osoan zehar surf egiteko aukera eman izana.

50eko hamarkadaren hasieran gutxi batzuk baino ez ziren Kaliforniako ur hotzetan surf egiten ausartzen ziren surflariak. Batzuek urpekaritzan erabiltzen ziren txaleko lodi, astun eta deserosoak erabiltzen zituzten, baina horiek gerritik gora bakarrik berotzen zuten.

Koskabiloak ez izozteko zerbait egin beharra zegoen eta helburu horrekin hasi zen Jack O’Neill material desberdinekin esperimentatzen: «Nik ez nuen uste nire lanak hainbesteko arrakasta izango zuenik. Barrabilak ez izozteko helburuarekin hasi nintzen material desberdinekin probak egiten. Bainujantzian koskabiloak bero mantenduko zizkidan material desberdinak erabiltzen hasi nintzen».

Surflarientzako lehenengo ur jantziak aipatu behar baditugu, Jack O’Neill aipatu behar dugu ezinbestean, bera izan baitzen surf egiteko neoprenoak egin eta saltzen lehena. Beste askok ere lagundu zuten ur jantziak garatzeko orduan, baina O’Neill izan zen beroa mantentzeko helburuarekin neoprenoen sorreran eta bilakaeran urrats garrantzitsuenak eman zituen gizona.

Jack O’Neill

Denver hirian jaio zen, Coloradon, 1923an, eta Oregongo konderrian koskortu zen, Portland hirian. Handik, Kalifornia hegoaldera joan zen bere familia. Bertan, aizkolari gisa lanean ibili zen, zuhaitz handietako enborrak mozten. Gero, armadan ere izan zen; aire armadan hain zuzen ere. Ostean, 1949. urtean, San Frantziskora joan zen bizitzera.

San Frantziskon arrantzale eta arrain saltzaile gisa aritu zen lanean. Garai hartan, aluminiozko gailu desberdinak, su-itzalgailuak eta itsasontzientzako sabaileihoak saltzen hasi zen.

Jackek itsasoa maite zuen eta ahal zuen bakoitzean Ocean Beachera joaten zen olatuak hartzera. Gehienetan bakarrik izaten zen uretan; oso gutxitan topatzen zuen uretan bera bezalako morroi bitxiren bat. Bainujantzi soil batekin bakarrik egiten zuten surf, eta, hala, oso gutxi ziren Kaliforniako ur hotzetan barneratzen ausartzen zirenak.

Jack, berak dioen moduan, barrabilak ez izozteko asmotan hasi zen esperimentuak egiten. Mota askotako materialak jartzen zituen bere bainujantzian. Behin, bere lagun zientzialari bati aholkua eskatu eta hainbat proba egin zituzten. Egun batean, zientzialariak neopreno zati bat erakutsi zion Jacki eta honek agudo igarri zuen ordura arte erabilitako materialak baino askoz hobea izango zela.

1952. urtean, Kaliforniako lehen surf dendetako bat ireki zuen Jack O’Neillek; “Surf Shop” izena eman zion. Oraindik ere lehen denda haren lizentzia paperak gordetzen omen ditu, eta, beraz, nahi izanez gero, “Surf Shop” izena erabiltzen duen edozein negoziori dirua eska omen diezaioke. Aldiz, bere esanetan, inoiz ez zaio halakorik burutik pasa ere egin.

Lehen O’Neill surf denda San Frantziskoko autobide nagusiaren ondoan eraiki zuen, itsasotik oso gertu. Bertan, baltsa egurrarekin egindako taulak, taulentzako argizaria eta uretarako lehen txalekoak saltzen hasi zen. Inguruan zuen jendeak ez zela batere ideia ona esaten zion, pare bat turista eta hondartzako alfer gutxi batzuk baino ez zituela bezero izango. Baina pixkanaka hazten ari zen bere familia aurrera ateratzeko zerbait egin behar zuen Jacek, eta, azkenik, denda hura irekitzea erabaki zuen.

1959. urtean denda lekuz aldatu eta hegoaldera jo zuen bere familiarekin, Santa Cruz aldera; bertan eguzkia gozoagoa zen eta olatuak ere hobeak ziren. Cowelleko hondartzan ireki zuen bigarren denda. Garai horretan, gero eta handiagoa zen familia aurrera ateratzeko behar adina diru ozta-ozta ateratzen zuen, baina, berak jakin ez arren, boom ikaragarria heltzear zen.

1960ko hamarkadaren hasieran surfa modan zegoen eta bi ziren ur jantziak hobetu ahal izateko O’Neillek askatu behar zituen korapiloak. Batetik, kraskatuko ez ziren neoprenoak behar zituen; elastikoagoa izango zen zerbait  lortu behar zuen. Eta, bestetik,   askoz errazago jantzi eta erantzi ahal izango zen ur jantzi bat behar zuen.

Nylon malguko jertsea itsatsi zien neoprenoei barrutik, eta  ideiak arrakasta handia izan zuen. Ordura arteko ur jantziekin konparatuta askoz ere malguagoa zen ur jantzi bat eraiki zuen. Horri esker negozioak gora egin zuen, denda azalera handiko leku batera mugitu zuen eta bere sei seme-alabak bertan lanean jarri zituen.

1971. urtean, surf egiten ari zela ezkerreko begia galdu zuen gomazko txikotaren erruz, erorketa baten ostean taulak begian jo baitzuen. Begi batean partxe bat zeukan bizar luzeko bisaiak, pirata itxura ematen zion, eta, ordutik, O’Neill markaren logotipoa bihurtu zen bere aurpegiaren irudia. 1980. urterako, O’Neill mundu mailako enpresa bilakatu zen, eta, orduz geroztik, urtero-urtero irabazi handiak dituen enpresa indartsua da.

Malgutasun bila

Azken hogei urteotan ur jantziek izan duten bilakaerak helburu bat izan du; neoprenoa ahalik eta malguena egitea, alegia.

Lehen ur jantziek soilik gerritik gora babesten zuten. Gerora, bi zatitan janzten ziren neoprenoak agertu ziren; batetik gerritik beherako galtzak, eta, gainean, txalekoa. Horren atzetik, goitik behera gorputz osoa babesten zuen ur jantzi bat egin zuten. Ordutik, pixkanaka geroz eta ur jantzi malguagoak egiten hasi ziren, baina 1990eko hamarkadara arte neoprenoek oso gogorrak izaten jarraitu zuten.

Azken hogei urteotan eman diren berrikuntzei esker, egun neoprenoak oso malguak dira eta gorputzak botatzen duen beroa oso ongi gordetzen dute. Beraz, hasierak helburuak beteta daude.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo