GARA > Idatzia > Kultura

Finalaurrekoetarako txartelak, Aitor Sarriegi eta Jon Martinentzat

Jon Martin eta Aitor Sarriegik Gpuntuko finalaurrekoetarako txartela ziurtatu dute asteburuan Hondarribian eta Idiazabalen buruturiko saioetan nagusituta. Galbahea estutzen ari da, eta, azaroaren 6ko Azpeitiko saioaren ondoren, finalaurrekoen bidea hartuko du Gipuzkoako txapelketak.

p059_f02.jpg

GARA |

Indartsu, seguru eta erregular aritu dira Jon Martin eta Aitor Sarriegi asteburuko Gpuntuaren final laurdenetako bi hitzorduetan, Idiazabalen eta Hondarribian hurrenez hurren. Puntuazio berdina lortu dute, gainera, batak zein besteak: 494 puntu. Horrenbestez, finalaurrekotarako txartela ziurtatu dute Villabonan 501,5 puntu lortu zituen Beñat Gaztelumendiren eta Oñatin 502 puntu lortu zituen Jexus Mari Irazurekin batera. Datorren azaroaren 6an, igandean, jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan final laurdenetako azken saioa. Hitzordua 17.30ean jarrita dago.

Atzoko saioari dagokionez, Idiazabalgo pilotalekua leporaino bete zen, 700ren bat lagun bildu zirelarik. Sarrera guztiak salduta zeuden final laurdenetan ohikoa izan den eran. Emaitzak, ezusteren bat tarteko, hauexek izan ziren: Jon Martin (494), Nerea Elustondo (474,5), Uxue Alberdi (461), Ainhoa Agirreazaldegi (468,5), Felix Zubia (482) eta Oier Aizpurua (457).

Egin beharreko lanen artean berrikuntzak izan dira aurtengo edizioan, eta final laurdenetan lanaldi hauek egin behar dituzte bertsolariek: binaka gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka gaia emanda, hiru puntuko koplan seina kopla; binaka gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; bakarka gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian hiruna bertso; eta, azkenik, kartzelan, binaka gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.

Idiazabalgo saioa

Gogotsu, bozgoran hasi ziren sei bertsolariak lehen agurretatik bertatik. Idiazabalen kantatzeko pribilegioaz gozatzera, Thelma eta Louisenak gainditzera, Illunberainoko trenari jarraiki, bertsoekin bihotzak sendatzera, indarrez eta «letxian», zaharrenaren konfiantzarekin eta txikienaren freskurarekin zetozela egin zuten aldarri seiek.

Bakarkako saioan, Nerea Elustondok, nerabe arlotearen paperari ondo atxikita, gai honi heldu zion: «Berriro ere zure gurasoei dirua lapurtu eta kalera zoaz». Uxue Alberdik ohiko duen sentiberatasunetik abestu zuen -12 urte bete zuen alaba ez zitzaion telefonoan jarri nahi-, Jon Martinek lanaldi txukuna egin zuen hitz-jokoetan maisutasunez -«Gurasoen ezkontza eguneko bideoa ikusten ari zara; ezin izan diozu negarrari eutsi» gaia zuen-, Felix Zubiak entzuleen txaloak ederki bereganatu zituen -«Gurpildun aulkian gaur irabazi duzu lehenengo lasterketa» zuen gaia-, Oier Aizpurua zarauztarrak irakasle arduratu eta arduratsuaren rola zizelkatu zuen -«Irakaslea zara; zure mahai gainean ohar hau azaldu da: `Argi ibili'»- eta Ainhoa Agirreazaldegik gai gogorrari aurre egin behar izan zion -«Zuk gehien maite duzun pertsona bere burua suntsitzen ari dela ikusten ari zara»-. Aita depresioduna duen alabaren papera aukeratu zuen elgetarrak eta sentiberatasun handiz osatu zituen hiru bertsoak.

Sarriegi, sendo Hondarribian

Bestalde, larunbatean Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan jokatu zen saioan ere jende ugari batu zen sei bertsolarien lana jarraitzeko -600 lagun, antolatzaileen arabera-. Saio osoan zehar sendo aritu zen Aitor Sarriegi, bai arrazoiketan bai bertsoaren joskeran. Bera izan zen puntu gehien batu zituena: 494. Gainontzekoak, beraz, puntuazio-dantzaren arabera pasako dira. Horrela geratu zen puntuazioa Hondarribiko saioan: Alaia Martin (481), Iñigo Izagirre (471,5), Amaia Agirre (478,5), Nahikari Gabilondo (467,5) eta Haritz Casabal (440,5).

Gogotsu, bozgoran hasi ziren sei bertsolariak lehen agurretatik: irribarre eta bihotzak konkistatzera, «alarde mistora», bigarren «kontrola» gainditzera, haur garaiko nahiak betetzera, beldurrak ahaztuta saio izugarria egitera zetozela egin zuten aldarri seiek ere. Bakarkako lanetan txukun aritu ziren -Aitor Sarriegik txirrindulariaren rola hartu eta maisutasunez osatu zituen hiru bertsoak- eta kartzelako saioan gai honi heldu behar izan zioten: «Senideak zarete: beti moldatu izan zarete ondo elkarrekin, baina orain, gurasoak hil eta ondasunak banatzen hastean, erabat okertu da bion arteko giroa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo