GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Barkamena eskatu?

Bakea behar dugu» zioen kartela jaitsi zuten urriaren 27an Bizkaiko Foru Aldundiko balkoitik behera, ETAk jarduera armatua utzi eta astebetera, justu-justu, bakea oraindik lortu gabe. Nola eraikitzen da bakea? Barkamena eskatu behar da?

Nour Aldin Shehada palestinarrak esan berri du gakoa dela «mahai berean esertzeko gai izatea. Ondoan egon, entzun, aditu, eta bestearen lekuan jartzea, sentimenduak dituen pertsonatik pertsonara. Bestearen egia entzun, eta bestearen sufrimendua sentitzea».

Paul Riosi entzun diot nik pentsatzen dudana: «Barkamena eskatzeak biktima behartzen du erantzutera. Eta hori ez da bidezkoa. Nik nahiago dut eragindako minaren errekonozimendua». Ados.

«Barkamena eskatzeak» jite erlijiosoa dauka eta moralaren eremuan murgilarazten gaitu. Baina morala boteretsuak ezartzen du (Nietzsche), unean uneko legeak diktatzen ditu eta ad hoc egindako araudia da. Ez du zerikusirik etikarekin.

Barkamena eskatzen da araua ezarri duenaren balore-eskala bera ontzat eman eta bekatua/erredentzioa dinamika onartzen bada. Bestelako kontua litzateke etikaz mintzatzea, etika garaiko moralaren gainetiko balorea baita. Etikak dio erailtzea deitoragarria dela. Beti. Moralak, aldiz, gaitzetsi dezake guardia zibil bat hiltzea eta txalotu Bin Laden edo Muamar al Gaddafi asasinatzea. Moralak ideologia bati erantzuten dio, etikak ez.

Beraz, utz ditzagun barkamen-eskeak eta onar dezagun eragindako mina, horretarako nahikoa baita lekualdatze-ariketa egitea: norbera bestearen lekuan jarri eta hurkoa norberaren tokira ekarri. Eta, espazio berritik zintzo begiratuz gero, berezkoa da arerioaren ikuspuntua ulertzea.