GARA > Idatzia > Kultura

«Mr. Basque», besteren gainetik, euskaldunak aztertzea interes nagusi duen antropologoa

p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Adopziozko euskaldun egin zen, maitasunagatik, jada bazen gauzak izateari utzi gabe. Bai, maitasunagatik. Ohikoa da antropologo onen artean», idatzi du Alfonso Perez-Agote «William A. Douglass. Mr Basque» liburuaren hitzaurre-egileak. Lan honetan, Miel Anjel Elustondok Mr. Basque erraten dioten Bill Douglassen (Reno, AEB, 1939) ibilbidearen berri ematen du eta, bide batez, bere profil bat ere marrazten du. «Gauza ezberdin asko egiten ditu, baina, hala ere, bere ardatza euskaldunen inguruko azterketak dira, antropologoa delako gauza guztien gainetik», laburbildu zuen egileak atzo, Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrean egindako aurkezpenean.

Ondoan izan zituen Douglass bera, Perez Agote, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua eta Joseba Zulaika Renoko Euskal Ikasketen Zentroko (CBS) zuzendaria. Orain CBS dena, baina lehenago Euskal Ikasketen Programa deitzen zena sortu zuen Douglassek 1960ko hamarkadan, eta harrezkero euskaldunak aztertzen darama bizitza osoa. Liburuan lan horiek azaltzen dira, baita familiako kontuak eta Euskal Herrian egiten zituen egonaldietakoak ere. «Arrantza asko gustatzen zaio, adibidez, eta nola arrantzatzen duen kontatzen dut, nola ibilia den munduan barna ibairik ibai», agertu zuen idazleak.

Elkarrizketen bidez egina

Idazle eta argazkilari azpeitiarrak batez ere Douglassekin egindako elkarrizketen bidez osatu du liburua. Batzuetan berak bidaiatzen zuen Renora, bertzetan, Mr. Basque etortzen zen Euskal Herrira, eta, tarteka, idatziak ere bidaltzen zizkion antropologoak libururako egoki irudituta.

Urte anitzetako lanaren ondotik (aspaldi hasi ziren, baina ez dute dena jarraian egin, atsedenaldiak hartuz baizik), probak ikusi zituen Mr. Basquek eta izugarri gustatu zitzaizkion. Eta behin liburua kaleratuta, irakurle ugarik adierazi diote idazleari hagitz ongi irakurtzen dela argazki mordoxka batez osatutako obra. Emaitzarekin gustura-gustura daude, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo