GARA > Idatzia > Kultura

Wilcok irekiko du gaur Kutxa Kultur Festibala «The Whole Love» diskoaren aurkezpenarekin

Hiru egunez musikaz gozatzeko antolatutako Kutxa Kultur Festibala gaur hasiko da Wilco taldearen ikuskizunarekin eta, hurrengo egunetan, Christina Rosenvinge edota We Are Standard ekarriko ditu Donostiara.

GARA | DONOSTIA

Kutxa Kultur Festibalak hau du bere lehen urtea, eta, jaiotze indartsua izateko, Wilco, Christina Rosenvinge, Primal Scream, We Are Standard eta Thee Brandy Hips taldeak gonbidatu ditu Donostiara gaur hasi eta larunbata bitartean.

Lehen ikuskizuna Wilco talde estatubatuarrak eskainiko du, gaur, 20.00etan. Kontzertua Estatu espainiarrean zehar egiten ari diren biraren barnekoa da; hain zuzen ere, «The Whole Love» disko berria aurkezten ari dira estatubatuarrak. Iragan asteartean Madrilen jo zuten 2.000 pertsonaren aurrean eta gaur Donostiako Kursaal aretoan izango dira.

Wilco musika talde estatubatuarra 1994an sortu zen Chicagon, Uncle Tupelo taldea desegin ondoren. Jeff Tweedy abeslari eta musikagilea eta John Stirrant baxu jotzailea dira hasiera horretatik taldean jarraitzen duten kide bakarrak. 2004az geroztik, Nels Cline, Pat Sansone, Mikael Jorgensen eta Glenn Kotchek osatzen dute taldea.

Wilcok hainbat musika mota jorratu izan ditu bere historian zehar. Hasiera batean country eta pop-rock taldea izan zen arren, urteekin norabide esperimentala hartu zuen. Bere garai esperimentalaren adibide hoberena «Yankee Hotel Foxtrot» da, orain arteko taldearen lanik arrakastatsuena.

Wilcoren musika rock alternatibo gisa definitu izan dute adituek, baita country alternatibo bezala ere. Taldekideek beraiek hainbat musikariren eraginak barneratzen dituztela onartu izan dute, batez ere 1966 eta 1974 urteen bitarteko musikarienak, horren adibide da John Cale galestarraren «Paris 1919» diskoa. Jeff Tweedyk azaldu izan duenez, «begiak irekitzea bezala izan zen niretzat `Paris 1919' diskoa entzutea. Bertan jasotako hitzak, bertako esperimentazioa, bertako teoria abangoardista, ez daude edertasunarekin talkan».

Urteak pasa ahala, Wilco musikaren historiako talderik handienetakoa bihurtu da. Horren erakusle, Europako jaialdi handi aipagarri guztietako kartelburu izan dira estatubatuarrak.

HIRU EGUN

Wilco estatubatuarrak Kursaal aretoan izango dira gaur. Bihar Christina Rosenvingeren txanda izango da, Kutxa aretoan. Larunbatean, aldiz, Primal Scream, We Are Standard eta Thee Brandy Hips taldeek joko dute Anoetako belodromoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo