GARA > Idatzia > Ekonomia

Lurrama erakustazokari ekiteko prest da Biarritzeko Irati aretoa

A.M. | BIARRITZ

Kabalak ekartzea, baserritarren ekoizpenak mahaietan paratzea eta azken orduko ukituak besterik ez dira falta bihartik igandera arte -goizeko hamarretatik goiti- irekita izango den Lurramaren 6. edizioari ekiteko.

Aurten, Biarritzeko Irati aretoan (aireportu inguruan) egingo den erakustazokaren lehen eguneko ekimenak bereziki haurrei zuzendurikoak izango dira. Estreinako aldiz, Lurrama ez da eskolako opor garaian igaroko. Hala, berariazko gonbidapena egin diete kostaldeko eta barnealdeko eskola guztiei, azoka ezagutzera hurbil daitezen. Erantzuna ez da makala izan, 1.200 bat haur espero baitituzte bihar. Halere, egun honetan bertaratzerik ez dutenek ere izango dituzte hurrengo egunetan espresuki beraientzat antolatutako ekimenak (kabalen desfilea, tailerrak, Xiba jokoak, erakustaldiak...).

Bretainia, gonbidatua

Ohi bezala, egitarauak eskaintza zabala biltzen du: bertso saioak, sukaldaritza tailerrak, animazioak, dantzaldiak, kontzertuak, azoka, chef handiek prestatutako bazkaria eta beste. Aurtengo ekitaldiko gonbidatuak Bretainiako laborariak izango dira.

Jarduera ludikoez gain, batez ere mintzaldi eta mahai-inguruen bidez jorratuko duten gaia serioa da oso. Izan ere, azken hamarkadetan etenik gabe nekazarien kopurua jaisten ari dela ikusita eta bizirauteko dituzten arazoen aitzinean, egun laborarien beharrik ba ote den galdera aztertu nahi dute herri laborantza iraunkorra sustatzea xede duen azokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo