GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

lehen maila

Floren Nazabal Elizondoko finalean aritzeko moduan dago

J.L.

Floren Nazabal igandean jokatuko den Lehen Mailako finalean aritzeko moduan dago, eta arituko da. Horixe zen zale guztiek entzun nahi zuten berria, eta azkenean Etxarrikoa lanean arituko da.

Nazabalek orain dela hilabete inguru min hartu zuen hankan, eta geldirik egon behar izan du. Nafarroako Txapelketako kanporaketan ezin izan zuen parte hartu, eta ordutik erlojuz kontra aritu da lanean final honi begira.

Badirudi pasa den asteburuan egindako proba ongi joan zela, medikuen baimena ere baduela, eta Federazioak jadanik bere parte hartzea baieztatu du. Etxarrikoa, gainera, txapela lortzeko faboritoen artean kokatu beharreko aizkolaria da. Hala ere. geldirik egon ostean, ikusgai dago bere maila nolakoa izango den; dena dela, baiezkoa eman baldin badu, ongi dagoen seinalea izango da.

«Hemen ez da nahikoa kolpea izatea bakarrik, iraupena ere behar da, eta nahi baino denbora gehiago egon behar izan dut geldirik. Ni saiatuko naiz, baina ez dakit nola aterako den», esan zuen Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan.

Kanporaketako onena

Nazabal izan zen kanporaketako onena. Berea izan zen denborarik onena, eta iaz galdutako txapela berreskuratzeko prest ikusten zuten, baita Nafarroako txapela lortzeko ere. Euskal Herrikoan aukerak izango ditu, baina Nafarroakoan ez, ezin izan baitzuen kanporaketan parte hartu, eta, hortaz, finalean ezingo baita aritu.

Joxemari Olasagasti izango da beste faborito nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta oso ongi prestatuta dagoela ikusi da. Bere helburuen artean aurtengoan ere txapela lortzea izango da, eta horretan saiatuko da. Badirudi Nazabalen eta Olasagastiren artean egon daitekeela txapela, baina, atzean, ezkutuan, Lopez ere egon daiteke. Lezaungoa ere primeran dago, eta denboraldi honetan txapel bat baino gehiago irabazi ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo