Espetxe politikaren ondorio gero eta larriagoak
Hainbat profesionalek osatzen duten Jaiki Hadi taldeak euskal preso politikoen osasun egoeraren gaineko txosten bat aurkeztu zuen atzo, eta bertara bildu dituzten datuek haien egoera larri ezagunak okerrera egin duela agerian uzten dute. Jaiki Hadiren txostenak ez du alarma sortzeko asmorik -egoera alarma jotzeko modukoa bada ere-, baizik eta egoera gero eta larriago baten erradiografia erakustekoa, eta Estatu espainolaren eta frantsesaren espetxe politikak urteek aurrera egin ahala izan dituen ondorio gero eta larriagoak erakusten ditu. Benetan kezkagarria izanik ere, inor gutxi hartuko du ezustean txostenaren ondorioetako bat; gaixotasun psikologikoak emendatu izana, hain zuzen. Baina zalantzarik balego ere, euskal presoek aurre egin behar dioten egoeraren berri jakitea besterik ez dago: 2006/197 doktrina, kartzela zigor berez luzeak luzatzen dituena; etxetik urruntzea eta kartzelan bakartzea; presoen harreman mota guztiak kontrolpean izatea; kartzelako arauek sortutako etengabeko tentsioa; mediku asistentzia eskasa... Hori guztia onartezina da. Lehen ere hala zen, salbuespen neurri horiek guztiak bateraezinak baitira pertsona guztien eskubideak errespetatze hutsarekin eta are legeekin ere. Baina orain argiago agertzen dira beste garai bateko neurri gisa, sufrimenduaren erabilera politikoaren, xantaiaren eta mendekuaren garaiko neurri gisa, alegia.