GARA > Idatzia > Kultura

Musika eta binetak uztartuko ditu Getxoko X. Komiki Azokak

GARA | GETXO

Komikiaren eta musikaren zaleek «Bulles Jazz Blues: komikia swing erritmoan» erakusketaz gozatzeko aukera izango dute hilaren 25etik 27ra bitartean Getxon egingo den Komiki eta Manga Azokaren hamargarren edizioan.

Valoniako eta Brusela-Hiriburua eskualdeko artista ospetsuen lana eta artistok jazzaren eta bluesaren munduaren inguruan duten ikuspegia gerturatuko du erakusketak, musika mota horiek sarritan agertzen baitira haien istoriotxoetan. Erakusketa Valonia-Bruselako Erkidegoko Nazioarteko Harremanetarako Komisariotza Nagusiak bultzatu du, eta Areetako Geltokia plazan egongo da ikusgai, azokaren karpan.

Getxoko Komiki Azokaren antolatzaileek atzo adierazi zutenez, «Bulles Jazz Blues» erakusketa Centre Belge de la Bande Dessiné (Komikiaren Zentro Belgikarra) ospetsuaren ikerketa zehatz baten emaitza da. Bertan, lan originalen 57 erreprodukzio eta formatu handiko panel batzuk topa daitezke.

Musika gidari

Erakusketan, publikoak komikiaren eta jazz eta blues doinuen arteko harreman estua ezagut dezake. Musika estilo horiek sarritan agertzen dira komiki belgikarretan eta istoriotxoetako pertsonaiek musikari ezagunekin egin ohi dute topo, esaterako, Louis Armstrong, Sonny Rollins, Stan Getz eta Thelonious Monkekin. Era horretan, oso desberdinak diren bi diziplina artistiko uztartzea lortzen dute.

Halaber, komikigileak musikaz baliatzen dira istorioak gidatu eta girotzeko. Jazz klubak, kontzertuak eta saio inprobisatuak agertzen dira behin eta berriro pertsonaia ospetsuen abenturetan; Lucky Luke, Gaston Lagaffe, pottokiak eta abar. Halaber, musika protagonista izan da askotan Belgikako komiki aldizkari handienen azaletan, esaterako «Tintin» eta «Spirou».

Erakusketa komikiarekin loturiko hainbat ekitalditatik igaro da orain artean eta Montreux (Suitza) eta Vienako jazzaldi ospetsuetan ere izan da. Getxo leku ezin hobea da erakusketa hartzeko, nazioarteko blues eta jazz jaialdietan urtero parte hartzen duten musika zale asko ditu-eta. Oraingoan gogokoen dituzten musika estiloak komikiaren artista handiek nola jorratzen dituzten ikusteko aukera izango dute zaleek Getxon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo