Tortura erabili zutela ukatu dute sei guardia zibilek Entzutegi Nazionalean
GARA |
Tortura erabili zutenik ukatu zuten atzo sei guardia zibilek Entzutegi Nazional espainolean bederatzi nafarren kontra egiten ari den epaiketa politikoan. Segi edo Ekineko kideak izatea leporatzen diete euskal herritarrei eta hamar eta zortzi urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen die fiskalak. Hauek ordea asteazkenean egin zen lehen saioan beraien aurkako frogak ez daudela eta Guardia Zibilaren aurrean egin zituzten adierazpenak torturatuak izan zirelako egin zituztela salatu zuten.
Auziperatuen arabera, torturen helburua beraien aurkako deklarazioa sinatzea eta inguruko lagunak salatzea zen.
Bertsioa hau ukatu egin du akusazioa oinarritzen den txosten poliziala egin zuen guardia zibilak, eta bide batez «historikoki» ezker abertzalearen erakunde guztiak «Segik koordinatu eta dinamizatu dituela» gaineratu zuen.
Guardia zibil honek esan zuenez, 2007ko abenduan hasi zen ikerketa, trenbidearen katenariaren aurkako sabotaje baten ondoren. Orduan, beti ere guardia zibil honen arabera, Luis Goñi ikusi zuten «maniobra arraroak egiten».
Ikerketak aurrera jarraitzen zuen heinean, Goñirekin harremana zuten lagunen atzetik (Xabier Sagardoy eta Aritz Azkona aipatu zituen) ibili ziren Segiren talde bat osatzen zutelaren susmoa baitzuten, lekukoaren arabera.
Epaiketa hau salatzeko kalejira egin zuten atzo Iruñeko Iturrama auzoan 170 lagun bildu zirelarik.