Siriak Liga Arabiarraren plana onartzeak ez du errepresioa eten
Damaskok errepresioa gelditzeko Liga Arabiarraren plana onartu eta hurrengo egunean bertan, gutxienez hogei pertsona hil zituzten atzo Siriako indar armatuek oposizioko taldeen arabera. Planak indarkeria bertan behera uztea eta armada hirietatik ateratzea jasotzen du. Baina oposizioak zalantzan jarri zuen atzo Bashar al Assaden benetako asmoa eta plana salatu du. Gobernuarekin hitz egiteari ere uko egin dio.
GARA |
Hogei zibil hil ziren atzo indar armatuek tirokatuta Homs hirian, Giza Eskubideen Behatokia oposizioko taldeak adierazi zuenez. Siriako Gobernuak errepresioa bukatzeko Liga Arabiarraren plana «argi eta garbi» onartu ondoren gertatu ziren eraso hauek. Indarkeria bertan behera utzi, atxilotuak askatu, Armada hirietatik atera eta hedabideak askatasunez lan egin ahal izatea dira da plan horren baldintzak.
Baina oposizioak ez da fidatzen, errepresioak jarraitzen duelako. Hildakoez gain, indar armatuek atxiloketa gehiago egin zituztela salatu zuen. Behatokiaren arabera, ekialdean dagoen Deir Ezzoren eta beste herrietan 80 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.
Baina aldi berean, milaka pertsonek parte hartu zuten Bashar Al Assad presidentearen aldeko manifestazioan Tartousen. Telebista publikoaren arabera «ehunka mila pertsonek atzerriko esku hartzearen kontrako manifestazioan parte hartu zuten». Oposizioak oraindik zalantzan jartzen du Al Assaden Gobernuaren «benetako asmoa». «Pozik gaude Liga Arabiarrak egindako ahaleginekin siriarren odolaren isuria gelditzeko baina zalantzan jartzen dugu erregimenak puntu guztiak onartzea», adierazi zuten Tokiko Koordinazio Batzordeek. Protestak burutzen dituzten talde hauen ustez, puntu guztiak onartzen badira, «herritarren talde gehiagok euren jarrera politikoak adierazteko eta manifestazio baketsuetan parte hartzeko aukera izango dute».
Oposizioak elkarrizketari ez
Hala ere, orain arte oposizioak Ligaren bitartekaritzak porrot egin duela salatu du behin eta berriz azken egunotan, Damaskorekin harremanak bertan behera uzteko eskatu dio-eta. Hala adierazi zuen oposizioko hainbat talde biltzen duen Siriako Kontseilu Nazionalak (SKN).
Hain zuzen, Liga Arabiarreko burua den Nabil al-Arabik Kontseiluko ordezkariak jaso zituen atzo, Samir al-Nachar, SKNko zuzendaritzako kidearen arabera. Ligaren planak Gobernua eta oposizioaren arteko elkarrizketa aurreikusten badu ere, Nacharek uko egin zion proposamen horri. «Ez, gu ez gara elkarrizketaz mintzo. Eskatzen duguna Al Assadek boterea uztea eta erregimen larderiatsuak erregimen demokratiko bati boterea uztea da», esan zuen.
Errebolta hasi zenetik ostiralero egin dutenez, gaur ere kalean protesta egiteko deia egin dute oposizioko taldeek. Gaurko lema «Ala handia da, despota eta tiranoen aurka».
Hauek dira Siriak onartu duen Liga Arabiarraren planaren puntu nagusiak:
1.- Indarkeria gelditzea alde guzti-guztiek, siriar hiritarrak babesteko.
2.- Gertatutako istiluetan atxilotutako herritarrak askatzea.
3.- Hirietatik eta populatutako auzoetatik indar militar guztiak ateratzea.
4.- Liga Arabiarreko ordezkariei eta hedabide arabiarrei zein nazioartekoei Siria osotik ibiltzeko baimena ematea, egoeraren berri emateko.
Siriako Gobernuak lau puntu horietan aurrera egiten duela argi erakusten duenean, «ad hoc sortutako ministro arabiarren batzordea Gobernuarekin eta oposizioko taldeekin harremanetan jarriko da bi astetako epean nazio elkarrizketarako konferentzia prestatzeko».
Onartutako planak ez du zehazten noiz hasiko litzatekeen epe hori, ezta konferentzia non egingo litzatekeen ere. Hasiera batean, Liga Arabiarrak Kairon egitea proposatu zuen. Diplomazialarien arabera, aldiz, Damaskok Sirian bertan egin nahi du, baina oposizioa erabat kontra dago. GARA