Euskal Herriko historia laburbildu du Peio Etcheverry-Ainchartek obra txiki baina landu batean
``Initiation à l'histoire du Pays Basque» liburua aurkeztu du Peio Etchverry-Ainchartek. Obra txiki honetan, historiaurretik gaur egungo gatazka ulertzeko gakoetarainoko itzulia egiten du historialariak.
Idoia ERASO | BAIONA
«Ez da liburu etnografikoa, ezta antropologikoa ere, erakutsi nahi izan dudana da zer dakigun Euskal Herriko populuaz eta zer dakigun euskal zibilizazioez», horrela azaldu zuen atzo Baionan Peio Etcheverry-Ainchart historialariak idatzi duen azken lanaren muina.
Izan ere, liburu hau Euskal Herriko historiaren ikuspegi orokor bat errazki izateko hutsunetik sortua izan da. Euskaraz eta gaztelaniaz horrelako lanak badira ere, frantses irakurleei zuzendua da lehen denbora batean. Hitz hauekin definitu zuen idazleak: «Sintesi liburu sinplea da frantsesez». Eskaera izatekotan itzultzeko aukera ez du baztertzen.
«`Historia laburra', hau da, gerlak, erresistentziak, erregeak... aztertu ohi dira. Baina `historia luzea' mentalitateen, kulturaren eta gizatasunaren denbora da, eta hori Euskal Herrian sentitzen da», esan zuen Etcheverry-Ainchartek. Honakoa ere gaineratu zuen: «Toki batzuetan Erdi Arotik XX. mendera arte gizartea ez zen aldatu, nekazaritzarekin lotutako mundua baitzen, hiriak berant agertu ziren hemen».
«Historia luzea» ere kontuan izanik, historialariaren lan berri honetan sarritan historia liburuetan ikusgai izaten ez diren gizartearen muinak agertzen dira, gizarte giristinoa edo desoreka sozialak esaterako. «Historia laburraren» tokia ez du baztertu idazleak eta «inflexio historikoak» agertzen dira irakurketa orokorra egitea bideratuz.
«Euskal Herriak Cro-Magnongo gizakian du jatorria, baina orain XXI. mendean da», azaldu zuen idazleak. Gaur egungo egoera hobeki ulertzeko gakoak ematen ditu historialariak. «Inflexio puntua XIX. mendean izan zen; iraultzak gertatu ziren. Frantziatik inposizioa ezartzen hasi zen, euskaldunak frantsesten hasi ziren; aldiz, Hego Euskal Herrian bi gerla izan ziren. Hori dena aztertu behar da gaur egungo errealitatea ulertzeko».
Historiaren azalpenarekin batera, arlo grafikoa ere asko zaindu da liburuan. Mapa, argazki, agerkari eta artelanek hitzak laguntzen dituzte Euskal Herriko nondik norakoak ulertarazteko asmoz.