GARA > Idatzia > Kultura

Enaren nahiz geure aldaketak, Rafa Ruedaren laugarren bakarkakoan

PILT taldea utzi ondotik, bere laugarren bakarkako diskoa kaleratu berri du Rafa Rueda musikari mungiarrak. «Enaren geometria» deitu dio, hegazti hauen eta gizakien arteko parekotasunak alderatuz. Internet bidez eta zuzenekotan baino ez da salduko oraingoz.

p043_f01_97x200.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Urteak joan urteak etorri, bere garajean pausatzen ziren enarak beti berdinak izango ote ziren edo txandakatzen joaten ziren galdetu zion Rafa Ruedak bere buruari. Burutazio horri tiraka, enarek gizakiekin izan ditzaketen parekotasunen bila hasi eta hausnarketa horren emaitza da «Enaren geometria», mungiarraren laugarren bakarkako diskoa.

«Etengabeko aldaketa» du mintzagai diskoko 11 kantuetan. Bere bakarkako hasierako lanetan egin zuen antzera, berak idatzi ditu hitzak, kantu batean erabilitako Hasier Rekondorenak izan ezik. «Musikaritzat ikusten dut nire burua, baina garrantzitsua ikusten nuen norberaren hausnarketak islatzea», esan zuen. «Egunerokotasuna, bizitzan igarotako egoerak... ageri dira eta nire ikuspuntua ematen saiatu naiz. Orokorrean mezu positiboa dute kantuek, nahiz eta momentu gogorrak ere ageri diren».

Ukitu akustikoak

Musika aldetik, orain arte jorratu duen bideari eutsi dio Ruedak estiloan. Pop-rock elektrikoa izan du oraingoan ere oinarri, baina «gainetik kolore akustikoagoa» duten moldaketak erantsi ditu, batez ere bi kantutan. Ukitu akustiko hori soinuaren, mandolinaren, biolinaren eta kornetaren bitartez lortu nahi izan du.

Tropel ederra erakarri du Ruedak disko honen inguruan eta Edorta Jimenez idazlea ere jarri du koruak egiten. Musikariei dagokionez, Txus Aranburu (Tapia eta Leturia) izan du teklatu eta soinuarekin, aurrekoetan ere ondoan izan duen Joseba Irazoki (Onddo, Atom Rhumba...) gitarrarekin, Arkaitz Miner (Mugalaris, Tapia eta Leturia) biolina eta mandolinarekin, Jaime Nieto (Andrakan) baxu eta kontrabaxuarekin, Iban Urizar (Bizarra, Sinuose) kornetarekin eta PILT taldean Ruedarekin batera aritu zen Xanpe baterian. Miner izan ezik, guztiak izango ditu alboan zuzenekoetan.

Azkarateko Katarain estudioan grabatu eta nahastu da diskoa, Jonan Ordorikaren gidaritzapean, eta masterizazioa ere berak egin du Mamia estudioan. Diseinuari dagokionez, Alain M. Urrutia margolariak egin ditu bai azala, bai kontrazala, bai barruko margoak. Bere eskulanetarako trebezia frogatu nahi duenak, papiroflexiaren teknikak erabiliz enara bat sortzeko jarraitu beharreko pausuak topatuko ditu bertan.

Diskoa zuzenekoetan eta Internet bidez banatuko da

Rafa Ruedak, bere diskoa autoekoizteaz gain, ohiko distribuzio moduari uko egitea erabaki du, bere esanetan, gaur egun kulturak bizi duen egoerak bultzatuta. «Argi dago disko dendak, gehienak desagertzekotan daudela, desagertu ez badira, eta supermerkatu edo superfizie handietan musikari edo orokorrean kulturari eskaintzen zaion lekua gero eta txikiagoa dela. Saltzaileek ez badute halako esfortzurik egiten musika zabaltzeko, sortzen dugunoi gelditzen zaigun aukera bakarra bitartekaritza hori erditik kentzea da». Ez da bide hori hautatu duen lehen musikaria eta ez dirudi azkena izango denik ere. Iaz, esaterako, Zea Mays taldeak ere formula berbera aukeratu zuen.

Hori dela eta, jarraitzaileek bi modu izango dituzte diskoa eskuratzeko. Alde batetik, zuzenekoetan, 10 euroren truke, sarrera eta diskoa eskainiko ditu, eta, bestetik, Internet bidez ere eskuratu ahal izango da diskoa, www.rafarueda.net atarian eskaera eginda. «Momentuz horrela hasiko naiz», argitu zuen Ruedak. Kontzertu mordoxka lotuta ditu dagoeneko. Gaur bertan Tolosako Bonberenean izango da, hilaren 17an Arrasateko gaztetxean, 20an Donostiako Bukowskin, abenduaren 2an Larrabetzuko Hori Bain, 7an Durangoko Ahotsenean, 16an Bergarako gaztetxean, 23an Ondarroako Kafe Antzokian eta urtarrilaren 26an Bilbokoan. A.A.

HITZAK

«Inor bagina» kantuan izan ezik, gainerakoetan Ruedak berak egin ditu hitzak, «norberaren hausnarketak islatzea» garrantzitsua ikusten zuelako. Lehenengo aldiz bizkaiera erabili du «Astea» izeneko kantuan.

GAUR, BONBERENEAN

Gaur hasiko du Rafa Ruedak diskoaren aurkezpen bira. 21.30etik aurrera Tolosako Bonberenean arituko da grabaketan ondoan izan dituen musikari ia denekin batera, tartean Xanpe, PILTen berarekin aritu zen bateria jotzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo