ELECCIONES EN UN NUEVO TIEMPO
Ane Muguruza, aitak ibilitako bidean aurrera
Amaiur koalizioaren zerrendan ageri da, azaroaren 20ko Estatu espainoleko hauteskundeetarako hautagai. Bere aita horregatik hil zuten orain 22 urte. Haren lekukoa hartu duela dio, aitak eta beste askok hasitako borrokan jarraitzeko, Euskal Herriaren eskubideen defentsan, herriari ahotsa emateko.
Nerea GOTI
Amaiur koalizioko Bizkaiko zerrendan bosgarrena da, eta patuaren jokoa bailitzan, hurrengo azaroaren 20an du hautestontziekin hitzordua. Ikuspegi pertsonaletik zein politikotik esanahiz beteriko data horren aurrean, argi dauka Ane Muguruzak bere aitak eta beste batzuek hasitako bidean jarraitzeko unea dela.
Duela 22 urte, azaroaren 20an hain zuzen ere, bere aita, Josu Muguruza, Herri Batasunako militantea, tiroz hil zuten Madrilgo Alcala hotelean eskuin-muturrekoek egindako atentatu batean. Madrilera joana zen Muguruza, Gorte espainoletan diputatu izateko egiaztagiria hartu behar baitzuen. Euskal Herriaren eskubideen aldeko ahotsa ere bazen berea, baina ez zioten aukerarik eman, eta taldeko kideekin eta beste lagunekin afaltzen zegoela hil zuten. Bizkaiko zerrendan hirugarren zen bera, eta HBk orduan lortutako bi diputatuetako bat izan behar zuen Josuk.
Ez zuen aita ezagutu. Hil zutenean, ama haurdun zegoen. Ezbeharra gertatu eta hamazazpi egunera jaio zen Ane. 21 urte ditu eta aitaren «hutsunea beti sentitu» duela onartzen du, baina hitzekin, eta begiradarekin, tonu sendo bezain argiarekin, adierazi digu minari eta amorruari erreparatu beharrean aitak utzitako ondare politikoa eta kontatu dizkioten bizipenak oinarri hartuta eraiki duela oroitzapena.
Bere aitak utzitako arrastoa gaur arte iritsi da, ingurukoek eta ezagutzen ez dituen askok kontatutakoen bidez. Oraindik ere, sarritan, kalean doala jendeak gelditu eta «zure aita ezagutu nuen» esanez harekin izandako bizipenak kontatzen dizkio.
Kontakizun horiek zinez eskertzen dituela dio gazteak. «Zortea daukat. Askotan oroitzapen horiek ahaztuta dituzu, baina jendea etorri eta hau edo bestea gogorarazten dizu, eta nik asko eskertzen dut. Ezin izan ditut berarekin bizitako momentu horiek bizi, eta kontatzen dizkidatenean asko gustatzen zait», onartu du.
Testigantzak euskarri izanda eraiki ditu aitaren irudia eta izaera. Josu Muguruzaz zer nabarmenduko lukeen galdetuta, argi du erantzuna haren alabak: «Badakit pertsona langilea eta konprometitua zela, ondokoari entzuteko eta laguntzeko prest zegoena, eta kontatu didatenagatik eta irakurri dudanagatik, beti gogoratzen dut Xabier Galdeanori nolako miresmena zion», dio irribarre goxo batekin.
Josuk utzitako aztarnak bere izaeran eragin zuzena izan duela onartzen du Haur Hezkuntza ikasten duen bilbotar gazteak. «Aitak pisu handia du nire bizitzan, eta argi dago horrek baldintzatu nauela, baina momentu berri batean gaude eta erronka garrantzitsu bat daukagu aurrean», hausnartu du garai berriek bultzatuta hartu duen erabakiaz.
«Niretzat ohorea da»
Hurrengo azaroaren 20ra begira sentipen ugari pilatu zaizkio Ane Muguruzari. Ikuspegi pertsonaletik «egun berezia da» berarentzat, eta nabarmendu duenez, «Euskal Herri osoarentzat, ez bakarrik Josugatik, baizik eta Santigatik ere», zehaztu du.
«Hain markatuta dagoen egun batek hauteskundeekin bat egitea, erronka polit bat» da, Ane Muguruzaren ustez. «Aita Madrilera joan zenean ez zion diputatu gisa egoteko denbora eman», horregatik orain «lekuko hori hartzea niretzat ohore handia da, berak egindako bideari jarraipena ematea», nabarmendu du.
Hori da, hain zuzen ere, Anek egiten duen lotura; iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituen borroka politikoa eta apustu pertsonala, gatazka politikoari eman beharreko konponbidearen beharrari lotuta. «Egoera berri honetan, ilusioa egiten zidan aitaren lekukoa hartzeak, gatazka honen kaltetu gisa, baina baita gazte eta emakume bezala ere, askotan bi ikuspegi horiek faltan botatzen ditugulako», gaineratu du bere ustez egin ditzakeen ekarpenez.
Hala ere, Madrilera Euskal Herriaren eskubideak defendatzera joateko erabakia bere aitak hartu zueneko testuingurutik urrun dagoela adierazi du, nahiz eta sakoneko arazoek bere horretan jarraitzen dutela onartu. «Egoera berria da, ETAk emandako pausoagatik, baina gatazkak hor jarraitzen du, eskubide askok urratuta jarraitzen dutelako, eta hor dago presoen egoera...», azaldu du. Orain Amaiur doa Madrilera herriaren aitortza egitera eta eskubideak defendatzera, baina une berriak dakarren beste errealitate bat ere jartzen du mahai gainean, «herriaren garaia da eta herriari utzi behar zaio, hori da Amaiurrek helaraziko duen mezua», nabarmendu du.
Ikasketetan buru-belarri, hauteskunde kanpainak azterketa garaian harrapatu du bete-betean, eta horregatik nahi beste ekitalditan parte hartzea zaila izango du. Madrilera joan eta bertan aitaren garaiko politikariren batekin aurrez aurre topo egingo balu, seguru asko ez liokeela deus esango onartu digu Anek. «Momentu honetan ez daukat horiei ezer esateko», dio, baina badu horien irudi bat. «Argi dago euren bizitza konpondu dutela guk bizitako gatazkarekin, eta orain bada garaia konponbide baten bila hasteko», esan zuen aurrean duen konpromisoaz.
«herri modura erantzuteko»
Hori bezain argi azaldu du, bestalde, Estatu mailan Euskal Herriaren eskubideen alde bildu den indar metaketa horretan ekarpenak egiteko asmoz heldu dela. Izandako bizipen latza ez da inoren ondoan joateko oztopo. «Kontrakoa, bakoitzaren kontuak alde batera utzi behar direla uste dut. Momentu honetan, herri bezala erantzun gogor bat emateko, indar metaketa beharrezkoa dela uste dut».
Are gehiago, Josu Muguruzaren ibilbide politikoa ezagututa, inongo zalantzarik gabe azaltzen du «ilusioz beterik» egongo litzatekeela, bide berri honetan «ehuneko ehunean lanean».
Biktima den heinean, berak barkamenik ez duela behar dio; bai, ordea, biktima guztien aitortza. «Guzti-guztiak onartu behar dira, ez bakarrik alde batekoak. Hor daude, adibidez, espetxe politikak eragindakoak, ez ditugu ahaztu behar», zehaztu du.
Eman diezaioketen ordainik onena desio gisa azaldu du Ane Muguruzak: «Nire aitak eta beste batzuek nahi zutena lortzea, Euskal Herri libre batean bizi ahal izatea, askatasunez».
Herri honetan zabaltzen den eszenatoki berriari «itxaropentsu» begiratzen dio Anek, baina duda izpirik ez du inoiz gatazkaren konponbidea lortuta eta eskubideen jabe den Euskal Herri batean, egindako borroka luzea oroimenean gordeko duela. «Orduan pentsatuko dut, benetan, pasa didaten lekukoa bete egin dudala, nire aitak eta ehunka militantek nahi dutena lortu egin dugula».
«Bide honetan, lortuko duguna, guztia eman eta euren borrokaren emaitza ikusi ezin izango duten horiei eskainia izango da. Beraiek egindako lanari esker heldu gara hona eta guk jarraituko dugu». Horra, Ane Muguruzaren mezua.