GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Afganistan, AEBen porrota eta hondamendia

Ameriketako Estatu Batuek Afganistandik pixkanakako erretreta aurreratzeko asmoa beren esfortzuak Afganistango Armadaren prestakuntzan biltzeko erabakiarekin justifikatu dute; hartara, diotenez, Armada horrek talibanen aurkako borrokan ardura gehiago hartuko ditu. Halere, ardura horiek hartuta ere, Afganistango Armadak nekez kontrolatuko du egoera, AEBetako tropak bertan direla ere ez baitago kontrolpean. AEBek ez dute helburua lortu eta ez daude lortzetik hurbil, eta estatubatuar soldaduak handik ateratakoan ez dute atzean ez bake egoera ez segurtasuna bermatuta utziko. Esan dezakete Bin Laden hil zutela, baina ez Afganistango gatazka bukatu dela, ezta hurrik eman ere. AEBen asmoa jakin denean, astebete baino ez da iragan tropa estatubatuarren eta oro har atzerrikoen aurkako atentatu handiena izan zenetik. Talibanek ez dute erakusten ahultasuna zantzurik; aitzitik, gero eta kolpe ausartagoak jotzeko gai dira. Aitzakiak aitzakia, Afganistandik alde egitea azkartzeko planak porrot handi baten erakusle dira, ez baitute helburua lortu eta, askoz okerrago, hamar urteko sarraski etengabearen ondoren, milkaka hildakoren ondoren, alde egiten dutenean gerra gogortu egingo dela aurreikus baitaiteke. Zertan gelditu dira demokrazia eta balio gorenak aldarrikatzen zituzten hitz potoloak? Hitz hutsetan. Afganistango hondamendia ezkutatu ezin duten hitzetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo