GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Tragedia ere ostu diote Greziari

Greziako egoera ez da tragedia. Tragedia izan zitekeen herrialdeko lehen ministro Giorgos Papandreuk iragarri zuen erreferenduma egin izan balute; greziarrei euroguneko agintariek hitzartutako bigarren erreskate plana onartzen duten edo ez galdetzeko erabakiak aurrera egin izan balu, alegia. Baina Papandreuk astelehenean jakinarazi zuen «erabakia» ostegunerako ahoberokeria bihurtua zen, lehen ministroak berak aitortu zuenez.

Bitartean, presioak eta mehatxuak ugaritu eta emendatuz joan ziren. Hasteko, infernurako bidea erakutsi eta lehenengo erreskatearen ez-dakit-zenbatgarren zatiari zegozkion 8.000 milioi euroak -bide batez, aspaldi ematekoa zen laguntza- gabe geratuko zela jakinarazi zioten. Greziako Gobernua bera ikaraz lau orritan jarri zuen Papandreuren iragarpenak, eta asteartean egin zuen ezohiko bileran, zenbait ministro herritarrei galdetzeko aukeraren aurka agertu ziren, galdeketak aurrera eginez gero, greziarrek datozen 30 urteko etorkizuna erabaki beharko luketela argudiatuz. Izan ere, gauza serioak jendailari -haien ondorioak jasan behar dituztenei- galdetzea okurritzea ere!

Berandu gabe, ordea, Papandreuren hordagoa ahoberokeria izan zela ikusi genuen, baina ahoberoak gutxienez eskualdia irabazi zuen. Izan ere, hordago jo zuenean, ez zen euroguneko jokalarien erantzunaren zain geratu, bere herrialdeko oposizioaren mahaira begira baizik.

Ez da galdeketarik izango, eta demokratarik sutsuenek lasaitu ederra hartu dute. Burtsek ere gora egin zuten «indarrez», ez dakit zenbat kilopondeko indarrez. Esker onekoak dira gero!

Ez da tragedia. Benetako tragedia erreferenduma zen, tragediaren muina gaitz biren arteko hautua da-eta. Eta greziarrek ezingo dute bigarren erreskate planak dakarzkien sakrifizio berrien eta segur aski kiebra jotzeak lekarzkiekeenen artean hautatu.

Ez, jaun-andreok, Greziakoa ez da tragedia, ezta tragikomedia ere, mus partida baizik. Edo, hobeto esateko, poker partida munduko kasino erraldoian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo