Gatazka politikoari buruzko ponentzia martxan jartzea eskatu du Bilduk Nafarroan
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa amai dadin, normalizazioa lortzeko beharrezkoak diren neurriak eta demokrazian sakontzeko egitasmoak aztertuko dituen ponentzia bat martxan jartzeko eskatu du Bilduk Nafarroako Parlamentuan.
GARA |
Bildu-Nafarroa talde parlamentarioak Nafarroako Legebiltzarrak ponentzia bat martxan jartzea nahi du; hain zuzen, gatazka politikoaren zergatiak, behin-betiko bakea lortzeko beharrezko neurri politikoak eta Euskal Herrian demokrazian sakontzeko bideak aztertzeko ponentzia. Nafarroako Parlamentuak ere normalizazio demokratikoan eta bakerako politikan parte hartu behar duela nabarmendu zuen Bilduk, «eztabaida politikorako sortu beharko liratekeen bestelako foroak eta mahaiak» bultzatuz.
«Ilusio garaiak dira eta bakea zein normalizazio politikoa inoiz baino gertuago daude; jendarteak egoera hau ilusio handiz ikusten du. Nafarroako Parlamentuak ilusio hori aintzat hartu behar du. Denon artean, inolako bazterketarik gabe, behin-betiko bakea lortzeko politika abian jarri behar dugu», gaineratu zuen Bilduk.
«Gizarteak bake justuaren aldeko apustua egin du; nazioarteko eragile eta bitartekarien lana; Aieteko Adierazpena; ETAk indarkeria ez duela erabiliko esanez eginiko adierazpena... Horiek ahalbidetu dute indarkeriaren zikloa ixten eta normalizazio demokratikoa lortzen lagunduko duen elkarrizketa politikoari ekitea, baita Nafarroako Parlamentuan ere», Bilduko Nafarroako hautetsiek ohar batean nabarmendu zutenez.
«Urteetako gatazka gainditzeko unean alderdikeriak zokoratu behar dira eta bakeak, demokraziak eta justiziak gailendu behar dute; proiektu politiko guztiek gauzatzeko aukera izan behar dute; eta lehen zein azken hitza eta erabakia herritarrei dagokie», erantsi zuten.
PSEk «birgizarteratzea» nahi
Bestalde, Gasteizko Parlamentuko PSE taldeak «ETAko presoen birgizarteratze prozesua bultzatzeko» deia egin zion ezker abertzaleari, «Zigor Kodeak eta espetxe legediak ezartzen duten ildoarekin bat».
Horrela erantzun zion Patxi Lopezen alderdiak EAJk, EAk, Aralarrek eta EBk Ibon Iparragirre presoa askatzeko aurkeztu zuten mozioari. PSEk proposamen honi emendakin bat aurkeztu zion. Lau taldeok Iparragirrek gaitz sendaezina pairatzen duela gogorarazi zuten eta egoera horretan dauden beste presoak askatzeko ere eskatu zuten.
PSEk aurkeztu duen emendakinean egun Gobernu espainolak preso gaixoak zaintzeko legediak ezartzen dituen neurriei eusteko eskatzen du. Bide batez, ezker abertzaleari «egungo legediak bermatzen duen birgizarteratze prozesua» bultzatzeko eskatzen dio.
Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak, Legebiltzarra bakegintzaren inguruko gaiez aritzeko toki aproposa dela esan, eta alderdien arteko beste foro bat martxan jartzeko aukerari ezezkoa eman zion.
«Denon artean, inolako bazterketarik gabe, behin-betiko bakea lortzeko politika abian jarri behar dugu», nabarmendu zuen Nafarroako Bilduk ponentziaren gaineko proposamena aurkeztean.