Ekonomia soziala eta solidarioa ezagutarazteko egitarau zabala
A.B. |
Ekonomia sozial eta solidarioa ezagutarazteko hilabete batez hainbat ekitaldi antolatuak dira Euskal Herri osoan. Lehen lau edizioetan bereziki Pirinio Atlantikoen departamenduan egin izan dira hitzaldi, topaketa, mahai-inguru, erakusketa eta tailerrak, baina aurten, TESS mugaz bi aldeetako sareari esker, Bilbo, Iruñea eta Sakanara zabaldu dituzte horiek.
Ekimena iragan urriaren 25ean hasi zen, Iruñeko Unibertsitatean hitzaldi batekin eta abenduaren 16an bukatuko da Bilbon iraganen diren gizarte ekonomiari buruzko jardunaldiekin.
Aste honetan bertan eman dute programaren berri Akitaniako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Ganberako ordezkariek, Baionan.
Orotara, hilabete osoan, berrogei bat ekintza eginen dituzte Pirinio Atlantikoen departamenduan, eta, horiei gehitu zaizkie Nafarroa eta Bizkaian eginen dituztenak.
Langileen %12,3
Jean Lissar egiturako ordezkariak honakoa azaldu zuen: «Estatu frantsesean ekonomia sail horretan elkarteak, kooperatibak, mutualitateak eta fundazioak sartzen ditugu. Pirinio Atlantikoen departamenduari dagokionez, langileen %12,3k horrelako enpresa batean lan egiten dute».
Ekonomia sozial eta solidarioa gehienbat osasun eta gizarte sektoreetan bermatzen dela zehaztu zuen. Hala, azaroaren 22an Angelun izanen den mahai-inguruan sektore horren indarra hizpide izanen dute.
Askotariko ekimenak izanen dira hilabete osoan zehar. Azaroaren 14an, esaterako, Baionako Bizi elkarteak eta Nafarroako REAS sareak kaleratu dituzten kontsumo arduratsuaren inguruko gidak azalduko dituzte. Azaroaren 17an, berriz, Bilbon, Forokoop jardunaldien bosgarren edizioa eta Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospauko dituzte. Eta, azkenik, azaroaren 25ean, Lakunza Kalor Group SAL enpresaren ate irekitzea eginen dute Sakanan.