GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Urpetik ur gainera

p047_f01.jpg

Leire ZUBELDIA

Eta bai. Ondo berea da Urgain eta bertan mamitu duen eleberria. Altzatarraren zigilua nabari da, idazkera jorian, euskara aberatsean eta mintzagai hartu dituen gure historiako pasarteetan. Oro har, eleberriaren nolakotasun edo estiloa da Irigoienena. 1989an idatzi zuen «Babilonia» gogorarazi dit, baita berriagoa den Orbetarren trilogia ere. Leon Iraizoz da narratzailea eta protagonistetako bat. Idazlea eta memoria oneko gizona izanik, Urgain bere herriari eta bertako biztanlei buruzko liburua idatzi du. 60 urtetik gorako urgaindar batzuk bildu dira bazkaltzeko, eta bazkalostean ekarri ditu gogora Leonek, urpean geratutako herrian gertatutakoak. Bazkaltiarren eta batez ere Leonen solasaldiaren bidez jakingo du, beraz, irakurleak Urgaingo berri. Pasarte horien artean, ordea, Leonek Saturri zuzendutako eskutitz modukoen fragmentuak tartekatzen dira. Azken horietan ezagutzen du irakurleak Satur, nire ustez, eleberriko protagonista nagusia, idazleak ondoen garatu eta deskribatzen duen pertsonaia baita. Gainontzeko bazkaltiarrek ez dute inolako pisurik nobelan. Atrezzo elementu hutsak besterik ez dira, eta nahiz eta denak urgaindarrak izan, ez dira Leonek kontatutako pasarteetan agertzen. Egileak ez die zukurik atera.

Era honetan, herriaren eta herritarren historia ezagutuko dugu. Don Erasmo maisuarena, Atilano eta Anastasia maitaleena, Urbano apaizarena, Mariano botikariarena, Fufino alkate jaunarena... Esan liteke bi unek dutela pisua istorio honetan: gerra zibilak eta urtegia eraikitzeko garaiak. Tartean, fusilamenduak, altxamenduaren aldeko eta errepublikazaleen arteko tira-birak, aristokraziaren handitasuna, elizak eta honen doktrinak herritarrengan ezarritako kontrola, ezinezko maitasun istorioak, presondegia, erbestea eta abar agertzen zaizkigu. Oraingo honetan ere «ia guztiaz» hitz egiteko formula bilatu du idazle altzatarrak. Baina hori dena, memoriari eta honen trasmisioari keinu bat eginez burutu du, urpean dagoena ur gainera ekarriz, oroitzera gonbidatuz, alegia. Joan Mari Irigionen obra ezagutzen ez duenarentzat egilearengana gerturatzeko lagin ona da «Ur arreak, ur gabiak». Altzatarraren irakurle direnen artean, berriz, bi erreakzio aurreikusten ditut: batzuek gustu handiz irakurriko dute, egilearen estiloari fidela baita; izan liteke, ordea, altzatarraren idazteko maisutasuna gozamen iturri gertatu arren, eleberri hau aurretik irakurria duen sentsazioa nagusituko zaionik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo