GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

Historia alternatiboa (I)

Michael Chabonen «The Yiddish Policemen's Union» nobela irakurtzen ari nintzela, zera pentsatu dut, iraganean jazotako gertakari bati buelta ematen saiatzen diren lanek, bestelako irtenbide posibleak aurkeztuz, errealitatearen erretratu ezin zehatzagoa eskaintzen amaitzen dutela.

«The Yiddish Policemen's Union» nobelan Bigarren Mundu Gerran Hitler garaile atera izan balitz mundua nolakoa izango zen imajinatzen saiatzen da Chabon. Guda amaitu eta berehala, Mendebaldeko herrialdeek beren mugen barnean dauden juduak kanporatzeari ekiten diote. Horietako gehienek Alaskan bukatzen dute, AEBek diseinatu eta Sitka izenez ezaguna izango den eremu-probintzian. Alaskako tribu indigenek, Europako kolonizazio prozesuaren ondorioak oraindik pairatzen ari direnak, ez dute neurria begi onez hartuko eta juduek, bestalde, ez dute lurraldea inorekin banatzeko asmorik. Nobela hasten den unerako, gerra bukatu zenetik hamarkada batzuk igaro dira eta AEBek Sitkako judu gehienak beste lurralde batzuetara eramatea erabaki dute. Neurriak nobelako pertsonaia nagusiak, Meyer Landsman detektibeak, lan egiten duen polizia sailaren itxiera ekarriko du. Bere azken kasuak, baina, juduak eta AEBetako Gobernuak elkarrekin burutzera doazen operazioaren nondik norakoak desestaltzera eramango du. Operazio horren arabera, Al Aksa meskita suntsitu ondoren (eta arabiarrei horren errua bota) juduak Palestinara itzuliko dira, lurraldearen jabe egiteko. Istorioa horrela aurkeztuta, eman dezake juduen kontrako alegatua dela, baina irakurketa sinplistegia izango litzateke hori. Izan ere, Chabon bera judua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo