Xabier Montoiak disko organiko bat egin nahi izan du, era naturalean
Bolada luzean diskorik argitaratu gabe egon ondotik, klasikoak izatea nahiko lukeen kantuz betetako «Montoiaren mundu miresgarria» aurkeztu du Gasteizen jaiotako musikariak, Ibon Rodriguezekin eta Maite Arroitajauregirekin batera. Txeloak eta pianoak dute abestien ardura.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Konbentzituta zegoen disko hau izanen zuela azkena, aitzineko lanarekin izan zuen esperientzia txarragatik eta musikaren industriaren krisiarengatik, baina hain kontent gelditu da eta jendaurrean jotzeko halako gogoz dago, zalantzan jartzen duela orain bere ustea.
«Era naturalean» sortu zen lankidetza Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez (Eten, Le Noise) musikari gazte eskarmentudunekin, eta diskoa ere naturala izan dadin egin dute ahalegina. «Garrantzitsua zen guretzat disko organiko bat egitea era naturalean, eta helburu bat genuen, produkzioak ez zezala kantua ito. Guztiok saiatu gara ekoizpen lanetan beti kantuaren alde egiten, abesti bakoitzak eskatzen zituen osagai ezinbestekoak gorde eta gainerakoak baztertzen».
Izenburuari dagokionez, «Montoiaren mundu miresgarria» ironikoa dela argitu nahi izan zuen gasteiztarrak berehala. Ez du uste bere mundua miresgarria denik, baina hainbat arrazoi eman zituen izenaren aukeraketa azaltzeko: «Alde batetik, behin kantuak idatzita konturatu nintzen ia denetan azaltzen zela `mundua' hitza, eta pentsatzen hasi eta hona heldu nintzen. Mundu miresgarrien formula komiki eta liburu ugaritan erabiltzen da eta istorio bat, zentzu bat ezkutatzen du atzean. Bestalde, hau azkena izango zela konbentzituta nengoenez, hiru M agertzea egokia iruditu zitzaidan, `M-ak' izan baitzen nire ibilbideko lehenbiziko diskoa».
Duela urtebete hasi ziren hiru musikariak lanean. «Kantu guztiak Montoiarenak dira; gitarrarekin landuta ekartzen zituen. Gure zeregina horiek janztea izan zen», hasi zen Arroitajauregi azaltzen. «Edo biluztea», gaineratu zuen Rodriguezek. Azken hau izan da ekoizlea eta argi zuen hasieratik zerbait akustikoa eta organikoa egin behar zutela. Montoiaren azken diskotik (grabatu bai baina argitaratu ez zuen `Deus guti' elektronikotik) bertze muturrera joan dira. Ez dago baxurik, ezta bateriarik ere. Aurreko lan guztia ordenagailuarekin eta elektrizitatearekin egina bazen, honakoan ez dago halakorik, pianoak eta txeloak dute abestien ardura.
Ardoa bezalakoak
Kantugileak ez zuen ezaugarri duen eragin beltza ukatu, baina anitzez txikiagoa dela nabarmendu zuen: «Kantu hauek askoz klasikoagoak dira». Horixe nahiko lukete, behintzat, ardoa bezala ongi zahartzea.
Joan den udan grabatu zuten lana, Eibarko musika eskolan eta Legarre estudioan, Ander Barriuso teknikariarekin. Montoiak adierazi zuenez, hagitz gustura gelditu da, baina azken finean aitzakia da diskoa berarentzat zuzenean jotzeko, orduan disfrutatzen baitu benetan. Azaroaren 18an Berako Kataku ostatuan izanen dira; abenduaren 8an Durangoko Azokako Ahotsenean; 11n, Eibarko Karrika tabernan, eta 23an, Ondarroako kafe antzokian. www.bidehuts.net-en kontsulta daitezke hitzorduak, baita kantuen letrak ere, Montoiak ez baitu gogoko diskoan idaztea eta «plazer hori» eman baitio bere buruari.