Esperientziak hasierako soinuetara itzuli du Hesian, bere laugarren disko pertsonalagoan
A. ARRUTI | BILBO
Hasierako soiltasunera itzuli da Hesian Sakanako taldea bere laugarren diskoan. «Gauzei hainbeste buelta eman gabe, esperientziak eraman gaitu puntu honetara. Gaur da eguna gehiago baloratzen duguna gure lehenengo edo bigarren diskoa», azaldu zuten atzo Bilbon egindako aurkezpenean. Zortzikoteak tronboi-jotzaile eta abeslari berria ditu lan honetarako, baita argitaletxea ere. Autoekoizpenean eta Gorrekin aritu ondoren, Elkarrera egin dute salto oraingoan. «Esperimentatzea gustatzen zaigu, denetik probatzea».
«Hitzetik» deitu diote diskoari. «Momentu honetan ikusten dugu bai Euskal Herrian bai nazioartean hitzak krisian daudela», esan zuen Fran gitarra-jotzaile eta abeslariak. «Musikari bakarrik begiratzen zaio askotan, dantzagarria izateari begiratzen zaio, hitzak albo batera utziz. Guk hitzetan sinisten dugu», gaineratu zuen. «Ez dugu esan nahi gure hitzak onak edo txarrak direnik, baizik zerbait esaten saiatzen garela».
Zentzu horretan, disko pertsonalagoa egin dutela aitortu zuten; «mezu borrokalariak» tartekatzen badituzte ere, egunerokotasunak eta maitasunak pisu handiagoa dute hitzetan, eta mezu positiboa helarazten saiatu dira.
Hamaika abestiak Usurbilgo Higain estudioetan grabatu eta nahastu ditu Haritz Harreguyk, eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin du. Musikari dagokionez, orain arte jorratutako estiloari eutsi diote, haize-instrumentuen presentzia zertxobait murriztuz, nahiz eta kantu guztiei euren ukitua ematen dieten. Pop-rock eta punk doinuak Zizurko Zuriñeren ahots melodikoarekin busti dituzte lan honetan ere.
Abenduan ekingo diote diskoa zuzenean aurkezteari. Bilbon hasiko dira Kafe Antzokian eta gero, Durangon, Gasteizen, Elizondon eta Altsasun izango dira.