GARA > Idatzia > Mundua

Afrikak saharar errefuxiatuen gaineko kezka agertu du bahiketen ondoren

Giza eta Herri Eskubideen Afrikako Batzordeak Al Kaedaren ekintzaren ondorioen inguruko kezka agertu du. Bestalde, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Elkarlan ministroak kasu bakana izan dela eta erakundeek lanean jarraitzeko borondatea dutela ziurtatu du.

p024_f01_199x108.jpg

Garazi MUGERTZA |

Giza eta Herri Eskubideen Afrikako Batzordeak kooperatzaileen bahiketak saharar errefuxiatuen artean izan ditzakeen ondorio txarren inguruko kezka adierazi zuen joan den ostegunean. Horrez gain, gogor gaitzetsi zituen era horretako ekintzak, eta kooperatzaileen «berehala eta baldintzarik gabe» aske utz ditzaten eskatu zuen.

Bahiketa urriaren 22an Aljeriako Magreb Islamikoko Al Kaedako talde batek burutu zuen Rabuniko saharar errefuxiatuen eremu batean (Aljeria). Rosella Urru (Italia) Herrien Garapenerako Italiako Batzordeko kidea, Ainhoa Fernandez de Rincon (Madril) Extremadurako Saharar Herriaren Lagunen Extremadurako Elkartekoa eta Enric Gonyalons (Mallorca) Mundubat GKEko kidea dira atzemandako hiru lagunak. Azken hau Bilbon bizi da.

Bahitzaileak 4x4 ibilgailu batean sartu ziren errefuxiatu eremura. Erasotzaileen eta bertakoen arteko tiroketan soldadu saharar bat eta Enric Gonyalons kataluniarra zauritu ziren.

Afrikako batzordeak saharar errefuxiatuen eremuetan lanean jarduten diren gobernuz kanpoko erakundeei, nazionalei zein nazioartekoei, euren babesa eskaini zien eta lanean jarraitzera dei egin zien.

Giza eta Herri Eskubideen Afrikako Batzordea eskubide zibilak sustatzeaz eta horien urraketen inguruko norbanakoen kexuak aztertzeaz arduratzen da.

Lankidetza ministroa

Bart arratsaldean Saharako Lankidetza ministroa Donostian izan zen, Juan Karlos Izagirre alkatearekin. Udalean egin zioten harrera eta bisita aprobetxatuz elkarrizketarako tartea ere izan zuten.

Ministroak Al Kaedaren ekintza ustekabekoa izan zela esan zuen, bai euren artean bai errefuxiatuen eremuetan dauden mugimenduetako kideen artean «inpaktu» handia izan duela gaineratuta. Hala ere, nazioartean hainbat herrialdetan gertatutako fenomenoa dela azaldu zuen, AEBen adibidea, Madrilena edota gatazkan dauden beste hainbeste naziorena gogora ekarriz.

Baba ministroak «kasu isolatu bat» izan dela argi utzi nahi izan zuen eta errefuxiatu eremuetan dauden sahararrek ez dutela laguntza faltarik izango azpimarratu zuen. Izan ere, bertan laguntzen aritzen diren erakundeek lan horri eusteko borondatea eta erabakitasuna agertu dietela ziurtatu zuen.

Segurtasunaren inguruan sortu diren kezkei dagokienez, balantzea egin dutela jakinarazi zuen. Salek Babak, eremua kooperatzaileak arriskurik gabe lanean aritzeko prestatua dagoela esan zuen, batez ere segurtasun neurri gehiago hartu dituztenetik. Gainera, gertakariaren ondoren, NBEko ordezkaritza bat bertan izan zen, segurtasun maila neurtzen. Elkarlan ministroaren hitzetan, ordezkaritza honek ere arriskurik ez dagoela egiaztatu zuen.

Baba Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin bildu zen arratsaldean, hiriburua utzi aurretik. Bilkura amaitzean, Udalari eta bereziki alkateari bere esker ona adierazi zion, eginiko harrera beroagatik.

Horrez gain, Donostiako Udalak, lehen eta orain, ematen dien laguntza eta babesa ere azpimarratu eta eskertu nahi izan zuen. Azkenik, Izagirre alkateak, orain arte egin bezala, Saharar herriari laguntzeko konpromisoari eusteko asmoa adierazi ziola esan zuen Salek Baba Saharako Lankidetza ministroak.

NBEko ordezkari berezia Madrilera iritsi zen

NBE Nazio Batuen Erakundeko Sahararako ordezkari berezia, Christopher Ross, Madrilen izan zen atzo, Atzerri Gaietako estatu idazkari Juan Antonio Yañez-Bernuevorekin biltzeko.

Bisita hau Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko elkarrizketak geldirik dauden unean iritsi da, bileran gai ekidinezina delarik. Horrez gain, Saharako kooperatzaileen bahiketen arazoa irtenbide baten zain dago oraindik. Madrilera egindako bidaia urriaren 14an hasi zuen bira baten parte da, Mendebaldeko Sahararen Lagunen Taldeko kide diren herrialdeetan -Estatu frantziarra, Britainia Handia, Errusia, Estatu espainiarra eta AEBak- barnakoa. GARA

bahiketa

Urriaren 22an Aljeriako Al Kaedako talde batek errefuxiatu sahararren eremu batean Ainhoa Fernandez de Rincon, Rosella Urru eta Enric Ganyalons kooperatzaileak bahitu zituen. Azken hau Bilbon bizi da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo