Laborantza iraunkorraren premiaz ohartarazi dute Lurramaren irekieran
Aurtengo Lurrama abian da Biarritzeko aireportu ondoko Irati aretoan (Halle d'Iraty). Eskola ugaritako haurrak eta irekiera ofiziala egin zuten hautetsiak izan ziren bisitari nagusiak atzo. Laborantza iraunkorra sustatzea premiazkoa dela nabarmendu zuten beste behin ere.
Arantxa MANTEROLA |
Seigarrengoz zabaldu zituen atzo ateak Lurrama erakustazokak, baina estreinako aldiz Biarritzeko Irati aretoan. Antolatzaileentzat zein bertaratzen direnentzat egiturak eskaintzen dituen abantailak bistakoak dira. Dena ongi eta txukun paratua, feria handi baten itxura hartu du, beharbada etxeko giroaren kaltetan apur bat.
Atzo, haurrak eta politikariak izan ziren bisitari nagusiak. Izan ere, eskola andanak -tartean Landetatik etorritako ikasle eta irakasleak- egin zuten bisitaldia.
Hautetsien bisita ofiziala izan zen lehen eguneko ekitaldi nabarmenetakoa. Aurten, Biarrizko Herriko Etxearen ordezkaritza jendetsua izan da, Didier Borotra auzapeza bost bat zinegotzirekin hurbildu baitzen. Bi senatari (Jean-Jacques Lasserre eta Frederique Espagnac), kontseilari nagusi batzuk eta Akitaniako kontseilariak ere han ziren. Georges Labazee Paueko Kontseilu Nagusiko presidente sozialistak ordezkoa igorri zuen (Michel Pastouret, laborantzaz arduratzen den kontseilaria) eta Gipuzkoako Aldundiaren izenean, Koldo Lizarralde Landa Garapenerako zuzendaria izan zen.
Hitzaldi ofizialak
Bisita amaitutakoan hitzaldi ugari izan ziren. Maryse Cachenaut Lurramako arduradunak eta Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako buruak urtero kalitatezko, gizakiaren tamainako eta natura errespetatuko duen nekazaritza ereduaren behar gorria nabarmendu zuten, aurtengoan ere. «Gure bazterrak ederrak omen dira, baina ez dugu museoko laborantzarik nahi», esan zuen Berhokoirigoinek, aurrerantzean laborantzak iraungo badu, ezinbestean laborantza iraunkorra izan beharko dela nabarmenduta.
Hautetsi gehienek bat egin zuten eredu hori bultzatzeko premiarekin eta beren postuetatik ildo horri eusten dioten proiektuei laguntza emango dietela agindu zuten.
Bretainiatik bertaratutako Thierry Thomas Confederation Paysanneko ordezkariak dei egin zien politikariei «eskura dituzten erabakietan parte hartzera, erabaki guztiak nekazaritza ganberen gain utzi gabe, orain gertatzen den moduan».
Aurtengo «aita ponteko» Jean-Marie Harribey ekonomialariak Lurrama bezalako ekimenak «etorkizunerako oso baliotsuak» direla nabarmendu zuen.
Gaur eta bihar, goizeko 10.00etatik 19.00etara, irekia da Lurrama. Arratsean, afari eta kontzertuetara txartelik gabe (5 euro, 15 urtetik gorakoentzat) sartzeko aukera izango da.