AIZKORA | Lehen Mailako Txapelketa
Oraindik ere beteranoenak agertzen dira faborito
Bihar eguerdian jokatuko da finala,12.30ean, Elizondoko pilotalekuan.
Jon LEUNDA
Bihar eguerdian, 12.30ean hasita, jokatuko da Elizondoko Baztan pilotalekuan Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Aizkolaritzan urteko egunik handiena izango da biharkoa. Sei aizkolari lehiatuko dira txapela lortzeko helburuarekin.
Nazabal, Olasagasti, Azurmendi, Lopez, Atutxa eta Txapartegi arituko dira lehian. Iazkoarekin alderatuta, Mujika eta Otaegi faltako dira. Horien ordez, aurten Txapartegi eta Atutxa sailkatu dira. Azken honentzat, gainera, lehen finala izango da. Bigarren urtea du Lehen Mailan, eta iaz finala jokatzetik oso gertu gelditu ostean, aurten sartu egin da. Txapartegik, berriz, iaz ez zuen sailkatzerik lortu, baina aurten berriro ere han izango da.
Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu beharko ditu. Lehen erreferentzia kanporaketa izaten da, baina, hor finalean egin behar duten lanaren erdia egin behar izaten dute. Nazabal izan zen garaile. Etxarrikoa, ordea, hankan min hartuta egon da eta azkeneko unera bitartean zalantzan egon da bere parte hartzea, beraz, ikusi egin beharko da nolako maila ematen duen nafarrak.
Berarekin batera, Joxemari Olasagasti agertzen da faborito. Igeldokoak jantzi zuen txapela iaz, eta horri eusteko asmotan plazaratuko da. Bi faborito garbiak beraiek dira, baina hor ezkutuan agertzen da Juanjo Lopez ere. Lezaungoak denboraldi bikaina egin du; kanporaketan ere bigarren izan zen, beraz finala irabaztea ere ez litzateke ezuste handia izango.
Iñaki Azurmendik ere jadanik final asko jokatu ditu, eta beti aurrean ibiltzen da. Aurten ere saiatuko da faboritoak estu hartzen, eta ahal badu aurrea hartzen. Badirudi txapela lortzeko aukerarik gutxien Txapartegik eta Atutxak dituztela. Hauek helburua beteta joango dira Elizondora; galtzeko ez dute ezer eramango, eta irabazteko, berriz, asko. Aizarnakoa jadanik final askotan izan da eta eskarmentu handia dauka. Aitzol Atutxak, berriz, oraindik 23 urte izan arren, maila handian dabil, eta nerbioek gaizki hartzen ez badute, bakarren bati ezusteren bat eman liezaioke.
Sailkapeneko lehen bost aizkolariek datorren abuztuan Donostian jokatuko den Urrezko Kopan aritzeko txartela lortuko dute, eta hori sari garrantzitsua da aizkolarientzat.