GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle Eguna Villabonan, hezkuntza eskubideak defendatzeko

GARA |

Villabonan ospatuko du gaur, goizeko hamaiketatik aurrera, aurtengo Ikasle Eguna Ikasle Abertzaleak erakundeak. Euskal eskolaren eguna ospatzeaz batera, hainbat salaketa egin nahi dituzte Ikasle Abertzaleek.

Milaka ikasle biltzen direla aprobetxatuta, horiek bizi duten erasoaldia salatu eta euren eskubideak aldarrikatu nahi dituzte. «Egun honetan, hezkuntza eta herria eskutik doazela erakutsi behar dugu, eta herria bera askatu duen eskola eredu berri baten beharrizana ere aldarrikatzen dugu» nabarmendu dute.

Hala ere, gauza horiek guztiak lortzeko, Ikasle Abertzaleek badakite oztopo ugari izango dituztela; «iraultza horretan borroka ugarirekin egingo dugu topo; eraso eta inposaketa anitzekin; guztiei ausardiaz eta aurrera eginez erantzungo diegu, ordea», adierazi dute.

Horren harira, euskal ikasleek paper garrantzitsua dutela esan dute, eta arestian aipatutako helburuak lortzeko ikasleen kolektiboa indartu beharra dagoela.

Urtero legez, aurtengo Ikasle Egunak ere badu abestia. «Libre» Xarma musika taldeak berak eginda. Bestalde, ikasle abertzaleen erakundeak, ahalik eta jende gehien biltzearren, Villabonara joateko autobusak antolatu ditu, Euskal Herriko herri ugaritatik aterako direnak.

Aurtengo egitaraua

Goizean hasiko dira ekitaldiak; ikasle topaketak 11.00etan hasiko dira. Horietan, hezkuntzaren garrantziaz eta ikasle mugimenduaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute ikasleek. Eguerdian, 400 pertsonarentzako bazkari herrikoia izango da, bertso saioak biribilduko duena.

Arratsaldea, gaztetxo, gazte eta helduentzako ekintzekin hasiko da, eta aldi berean, herriko kaleetan barrena, poteo aldarrikatzailea izango dute.

Iluntze aldera, ekitaldi politikoaren ondoren, hamalau talde ikusteko aukera emango duen hamar orduko musika jaialdia hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo