GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA Lauko Txapelketa

Berrikuntza gutxirekin abiatuko da Adunan goma gaineko denboraldia

J.L.

Berrikuntza gutxirekin abiatuko da gaur arratsaldean (17.00etan) Adunan, goma gaineko denboraldia. Betiko moduan, lauko lehiaketa jokatuko da orain, eta hau amaitzean hasiko da zortziko txapelketa. 320 kiloko taldeak lehiatuko dira gaur.

Pisu honetan aritzeko hamaika taldek eman dute izena, eta bi multzotan banatuta aritu beharko dute. Batean, Abadiño A, Sokarri A, Ibarra A, Urruña eta Ñapurrak izango dira parte hartuko duten taldeak.

Bigarrenean, berriz, Abadiño B, Abadiño C, Sokarri B, Ibarra B, Sokarri C eta Kuartango-Urkabustaiz -azken hau talde berria- arituko dira. Pisu honetan bi jardunaldi jokatuko dira, gaur eta datorren larunbatean Ezpeletan, eta multzo bakoitzeko hiru onenek lortuko dute finalerako txartela. Finala, azaroaren 19an jokatuko da Abadiñoko probalekuan.

Pisu horretaz gain, gizonezkoak 300 kilokoan ere arituko dira, eta emakumezkoak, berriz, 260 kilokoan. Bi pisu horiek 320ko lehiaketa amaitutakoan hasiko dira.

Arautegiaren barruan, tiralariek ez dute erretxinarik erabiltzerik izango. Epaileek tiralariren bati gorputzean horren aztarnarik topatuko baliote, bere taldea zuzenean kanporatua izango litzateke. Horren ordez, magnesio hautsa erabiltzeko aukera izango dute tiralariek.

Abadiño izango da faborito mutiletan. Berdeak goma gainean nagusi agertu dira, eta aurten ere talderik gehien plazaratuko dituena bera da Sokarrirekin batera. Nesketan, Badaiotz talde arabarra da faborito nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo