GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK GARAI BERRIAN

EAJ: «Sozialismoak porrot egin badu, are gehiago sozialismo iraultzaileak»

Krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak dira kanpaina honetako ardatz nagusiak. Arlo horretan, gogor jo zuen atzo EAJk Amaiurren ezkerreko irizpideen aurka. Iñigo Urkulluren hitzetan, «sozialismoak porrot egin badu, are gehiago egingo du sozialismo iraultzaileak».

p006_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Ezkerretik proposatzen diren egitasmoen aurka jo zuen EAJk atzo goizean Laudion egindako ekitaldi batean. Iñigo Urkulluk bere alderdiak Kongresuan bertan PSOEren politika ekonomikoei emandako babesari aipamen txikiena ere egin gabe, «sozialismoa porrot egiten» ari dela nabarmendu zuen.

Hori azpimarratuta, Amaiur koalizioaren kontra jo zuen jeltzaleen buruzagiak; «Sozialismoak porrot egin badu, are gehiago egingo du sozialismo iraultzaileak», ziurtatu zuen Urkulluk.

Ezkerreko koalizio abertzaleari zuzendutako aipamen ugari egin zituzten EAJko ordezkariek, guztiak tenore horretakoak. Emilio Olabarria Arabako hautagai nagusiak ezker abertzaleak hainbat konturen inguruan iritzi zehatzik ez duela esan zuen, eta hauteskundeetan bozak lortzeko, proposamenak baino «bultzada emozionalak» erabiltzen dituela ziurtatu zuen. «Zintzoak izango direla esanda nahikoa omen dute», erantsi zuen Olabarriak.

«Lau kontsigna baino ez dituzte -jarraitu zuen-, baina gobernuak kudeatu behar dituztenean hiritarrei buruhausteak eragiten dizkiete, zergen presioa areagotuz. Hori da euren jokabidearen ezaugarri nagusia», esan zuen Arabako Kongresurako zerrendaburuak.

Iritzi berekoa da Iñaki Gerenabarrena EAJko Arabako buruzagi nagusia. Laudion lehen jeltzaleek gobernatzen zutela eta orain alkatetza Bilduk duela aipatu ondoren, honek oker egindakoak eta egingo dituenak etorkizunean EAJk konpondu beharko dituela esan zuen. «Herria berrabiarazi beharko dugu», aurreikusi zuen. «Eta hori ezin da horrela izan -kexatu zen Gerenabarrena-. Ezin dugu onartu udaletxe hauetan lanean eta irainak jasotzen 30 urte pasatu ondoren, beraiek etorri eta egindako guztia hondatzea».

Gizartearen zati handi batek jasaten duen egoera ekonomiko latzaren aurrean inolako erantzukizunik ez zuten onartu EAJko hizlariek. Esaterako, EAEko ekonomia «hondamendian» sartua dela ziurtatu zuen Urkulluk, baina hori azken bi urtetan gertatu dela nabarmendu zuen, eta ondorioz errua PSEk PPren laguntzaz sostengatzen duen gobernuari egotzi zion.

ZERGAK IGOTZEN

Bilduk errenta handienei zergak igotzeko asmoa iragarri duela gogorarazi zuen Olabarriak, eta Amaiur osatzen duten alderdien gobernuen ezaugarri nagusia «hiritarrei zergen presioa handitzea» dela ondorioztatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo