GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Lekukoa gure eskuetan daukagu», adierazi dute gazte independentistek

Euskal Herrian zabaldu den «une historikoan» lekua eta hitza dagokiela aldarrikatu zuten atzo Donostian gazte independentistek. Etorkizunari itxaropentsu begiratzen dioeta eta euskal gazteriari konpromisoa eskatu diote, beren belaunaldia prozesuaren «eragile aktibo» bilaka dadin. Lekukoa hartu eta lanean hasi aurretik, ordea, oraindik ukatzen dizkieten eskubideak errespeta diezazkieten exijitu zuten, jarduera politikoa askatasun osoz jorratu ahal izateko.

p020_f01.jpg

O. L. | DONOSTIA

Gizakiaren izaerak hala aginduta, lekukoa belaunaldiz belaunaldi pasatzen da, aurrekoek egindako lanari jarraipena emateko helburuaz. Usadio edo ohitura natural horren baitan, belaunaldi zaharren ahotik entzun ohi da gazteak direla gaur egungo etorkizuna. Euskal Herriko gazte independentistak harago joan dira; izan ere, etortzeko dagoenaren jabe bakarrik ez, orain eta hemen jazotzen ari denaren giltzarrietako bat direla aldarrikatu zuten atzo, Donostian egindako agerraldi jendetsuan. «Oraina ere bagara eta gazteria subjektu politiko aktibo gisa egituratu behar da», adierazi zuen Aratz Zearreta gazteak, Andoni Rojo, Ander Maiora, Irati Mujika eta Ainara Bakedano kideek lagunduta.

Euskal Herrian zabaldu den ziklo politikoaren inguruan irakurketa egiteko eta euren paperak garrantzia itzela duela nabarmentzeko, 140 lagun inguru bildu ziren Donostiako Antigua auzoko frontoian. Bi alderdi horiek jorratzeaz gain, ETAk iragan urriaren 20an borroka armatua uzteko hartutako erabakia ere baloratu zuten, keinu «ausarta» eta garrantzi handikoa dela iritzita.

Une historikoan aurrera egin ahal izateko, eragile politiko, sozial eta sindikalen parte hartzeaz gain, euren hitzaren zilegitasuna azpimarratu zuten eta, zentzu horretan, «erronkek, inoiz baino gehiago, euskal gazteria konprometitua» eskatzen dutela gaineratu zuen Zearretak. Konpromiso horren baitan hain zuzen, Euskal Herria burujabea eta bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitze aldera, ezinbestekoak izango dira lana eta antolakuntza.

Lehenik eta behin, ordea, euren zeregina garatu ahal izateko lehentasuntzat jo zuten «gure herrian gaur-gaurkoz ukaturik jarraitzen duten eskubideak bermatzea». Hala, gazteek «jarduera politikoan askatasunez» aritu ahal izatea exijitu zuten. Orain arte bidean jarri dizkieten harriek ez dituztela geldiarazi gogorarazi zuten. Hala, ohartarazi zuten orain sor daitezkeen trabek eta zailtasunek ere ez dutela euren zeregina bertan behera uztea lortuko.

Agertoki berrian parte hartzeko gaitasuna eta eskarmentua ere badutela adierazi zuten, euskal gazteriak behin baino gehiagotan erakutsi baitu «testuinguru sozial eta politiko ezberdine- tan» eragiteko ahalmena baduela. «Orain -gaineratu zuen-, indar handiagoz berretsi behar dugu hori».

Urteetako lanaren fruitua

Gaurko fruitua, ostera, urte luzeetan egindako lanaren emaitza da, gazteen aburuz. Horregatik, ezinbestekotzat jo zuten iraganeko belaunaldiek «ilusioz eta konpromisoz» egindako «borroka eta ekarpen mamitsuak» gogora ekartzea: «Horiek gabe nekez uler daitezke begi bistan ditugun aukerak».

«Gatazka egoeran jaio eta bizi» den belaunaldia direla ere esan, eta bizitako errealitate horretan, gazteria egoera berrietara moldatu dela erantsi zuten: «Abangoardia izan garela esaten ausartuko ginateke».

Hala ere, ez zuten euren lana soilik goraipatu. Ezker abertzalearen azken 50 urteetako ekarpenak eta lorpenak aipatu zituzten, azken hamarkadetako lanak lortu baitu, euren hitzetan, «ukazio egoera gainditu eta askatasuna eskuratzeko une hau». Testuinguru honetan, «Zutik Euskal Herria» txostena aipatu zuten, «urrats berriak egiteko aukerak zabaldu dituen» osagaietako bat izan baita.

«Momentu historikoa» dela baieztatuta, dagokien papera arduraz defendatuko dutela ziurtatu zuten. Ireki den prozesuan agente aktibo bilakatzeko, eta independentzia eta sozialismoa eskuratzeko bidean, euskal gazteriari dei zabala egin zioten: «Lekukoa geure eskuetan daukagu».

HERRI ASKEA

Lantegian, ikastetxean, gaztetxean, tabernan... hori, gorri, more nahiz berde, sarean borrokan jarraituko dutela adierazi zuten, «pertsona askez osatutako herri askea» izatera iritsi arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo