GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

CSI Merenge

Amaitu da, akabo!, hauteskunde kanpainaren atariko beroketa. Abian da jada kanpainaren hozketa. Hau akabua! Hasi baino egin ez bada ere. Benetako errealitateari parentesi bat zabaltzen diote kanpaina ofizialean, birtuala da nagusi, alegiazkoa, transgenikoa, eta hauteskunde gauean parentesi hori itxiko, nor bere errealitatera ostera ere bueltatua. Akabo fantasia. Biharamunean langabeen sokak luzatzen segituko du, batzuei lepoaren bueltan estutu arte luzatu ere. Parentesi tranpa. Baina itxi bitartean, aste biotako plazetan guztiak bat, nor baino nor, enplegua sortzeko, gehienak kalitatezkoa izatearen alde, gainera. Guztiek bat, disimulurik gabeko irrikitan, ongizate-estatuari heltzeko ere, nondik heldu argitzen ez badute ere. Bai, hauteskunde kanpainak banku-hondakin toxikoen zabortegian diren aireko burbuila bezalakoak begitantzen zaizkit; arnastezinak ia-ia. Bai, badakit, oso ondo jakin ere, salbuespenik ba dela, salbuespenez. Hortaz, serioagoak dira antxoa kanpainak. Tira, harira. Kanpainan kanpainakoa: inkestak. Zientziaren ez dakit zein adarrek goia jotzen du inkestetan, soziologiak behea jotzeaz batera. Horra CIS zer horren azkeneko datuak. Amen. Arraroa egin zait, oso, Amaiurri bat bera ere eman ez izana Ceutan! Horrexegatik egin zait susmagarri. Ene, ene! Siglak zer diren! CIS zela konturatu aurretik, CSI Madril zelakoan nengoen, Congress Scene Invention.

Bai, deforestazio itzela da gertatzear Europako eurogunean. Eta lehen balizko ondasun baina orain hondamen segurua diren industrialde batzuk soro bihurtzear ere. Kontua da eurogunean gurutzeak behar direla, inoiz baino gehiago behar ere. Eta berakatzak ere bai. Eta baratxuriak. Asko eta asko behar. Burtsa-etxeetako ate nagusietan eskegitzeko. Bai, espiritu gaiztoak uxatzeko. Utikan! Erreferenduma aipatzea ere, noiz eta Greziako sektore zabalak erreskatearen ondorioz itota daudenean! Atrebentzia gero! Deabruak uxatu behar dira kaletik, euroa burtsan bizi dadin. Elizak badu horretan sotana bete lan. Amen. Baina serio balira, euro-zer horretan erreferenduma denon eskurako tresna ipini beharko zuten. Eta, kasuko, frantziar Estatuan argi eta garbi galdetu hexagonoko hiritarrei ea orain arteko merenge gogorra mantendu nahi duten ala beratzeko prest ote diren. Bakoitzari berea. Horixe demokrazia eta beste guztia kaka zaharra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo