GARA > Idatzia > Kultura

Sekula plazaratu gabeko Lazkao Txikiren irudiekin itzuliko da gaur 22.30ean «Hitzetik Hortzera»

Gaur abiatuko da «Hitzetik Hortzera» telebista saioaren denboraldi berria. Aurten beranduago hasiko da, 22.30etik aurrera, eta lehenengo saioan Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer izango dira gonbidatuak.

p057_f02.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Jon Artanok zuzentzen duen bertsolaritzari buruzko saioa, «Hitzetik Hortzera», 1988an lehenengoz emititu zenetik euskarazko telebistan ibilbide luzeena duena, gaur itzuliko da ETB1-era. Hemendik aurrera igandero eskainiko dute programa, baina aurten ordu aldaketarekin datoz; 22.30ean hasiko dira. Hori izango da oraingoz nobedade nagusia. Hala ere, Artanok azaldu zuenez, saioek aurrera egin ahala, tarte berriak gehitzen joango dira. «Felix Irazustabarrena eta biok badugu `Hauspoa' bildumako liburu autobiografikoekiko halako debozio bat eta, pertsonaia ezberdinek, hainbat pasarte irakurriko dituzte», iragarri zuen.

Lehenengo saio honetara, Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer gonbidatu dituzte. Aranburuk duela lau urte jarri zuen martxan euskaldun berrientzako bertso-eskola Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Febrer, berriz, bertan ikasi duen ikasle bat da, sortzez Menorcakoa eta, euskara ikasteaz gain, bertsotan ere moldatzen dena.

Hain zuzen, Iruñeko Bertsoaroa zikloan izandako saio bateko pasarteak ikusi eta komentatuko dituzte gaur, baina baita Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen laburpena ere; Oñati, Villabona, Hondarrabi eta Idiazabalgo saioen errepasoa eginaz -azken final-laurdena gaur jokatuko da Azpeitian, 17.30etik aurrera-.

Zuri-beltzekoen atalean, bestalde, Xalbador izango da, 1968an Donostian botatako bi bertsorekin. Horretaz gain, dokumentu baliotsu bat ere erakutsiko dute aurreneko aldiz. «Bertsolari» pelikularen dokumentazio lanean ari zela, Asier Altunak Lazkao-Mendiko Abaliñe baserrian Lazkao-Txikik filmatutako Super8 film argitaragabeak deskubritu zituen tiradera batean. Familiak jakin bazekien Lazkao-Txikik «tomabistas»-a zuela eta harekin filmaketak egin ohi zituela; baina, ez zekiten bobina haiek zer gordetzen zuten. Joxe Migel Iztuetak hartutako irudi horiek lehenbizikoz ikusi ahal izango dira gaurko saioan. «Lazkao Txikik bere burua ere filmatu zuen, mendian Plin bere setter pintto elegantearekin», azaldu zuen Artanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo