Eskalada Yosemite
Emakumeak jo eta ke, Kapitain hormatzarrean
Zeelanda Berriko eskalatzaile Mayan Smith-Gobatek «Salathe Wall» eta «Free Rider» bideak eskalatu ditu; era librean eskalatu dituen bigarren emakumea da. Hazel Findlay britainiarrak, berriz, «Golden Gate» marra lortu du; estilo berean hori egin duen lehen neska da.
Andoni ARABAOLAZA
Lynn Hill estatubatuarrak marka benetan ederra jarri zuen 1993. urtean «The Nose» bidearen lehen igoera librea sinatuta. Kapitain hormatzar entzutetsuaren (Yosemite) zimenduak ia birrindu egin zituen; izan ere, marra mitiko horri «puntu gorria» jarri zion lehen eskalatzailea izan zen. Gizonezkoak ere saiatu ziren, baina Hill aurreratu egin zen. Horren ondotik, lehen errepikapenak iritsi ziren, Tommy Caldwell-ek eta Beth Rodden-ek sinatutakoak. Neska bat izan zen protagonista berriro ere.
Hormatzar horretan emakumezko eskalatzaileek eginiko ekarpen garrantzitsuenak izan dira horiek. Horrek ez du esan nahi azken urteotan neskak lozorroan izan direnik; baina, jakin badakigu, Kapitaineko historia idatzi dutenak eta idazten ari direnak gizonezkoak direla.
Hala ere, eskaladaren eta alpinismoaren beste adar batzuetan bezala, emakumezkoak ere gora egiten ari dira. Eta, pixkanaka-pixkanaka bada ere, horien agerraldia oso interesgarria izaten ari da. Hori, azken bolada honetan, Kapitainen gertatu da, esaterako. Bi protagonista nagusi izan ditugu: Mayan Smith-Gobat zeelandaberritarra eta Hazel Findlay britainiarra.
Lehena bi erronka gogorretan ikusi dugu, eta bietan ala bietan argi asko erakutsi du sasoiko dagoela. 32 urteko eskalatzaile honek goi mailako beste baten urratsei jarraitu nahi izan die; Steph Davis estatubatuarraren urratsei hain zuzen. Izan ere, Davis «Salathe Wall» (8a, 35 luze, 900 m) eta «Free Rider» (7c+, 37 luze, 950 m) bideak era askean egin zituen lehen emakumezkoa izan zen.
Bada, Smith-Gobatek ere bi marra horiek poltsikoratu ditu. Lehena, «Salathe Wall» izan da. Gogoan izan behar da iaz oso saio interesgarria egin zuela, baina ekaitz gogor batek eskalada bertan behera uztera behartu zuen. Joan den irailean, berriz, behin betiko ekinaldia egin du. Zeelanda Berriko eskalatzaileak aitortu du asko kosta zitzaiola era askean sinatzea: «Bide horretan makina bat ordu egin dut, batez ere sona handia duen `Headwall'-en. Tarte hori goialdean dago, eta zailtasun tekniko gogorrenak ere hor daude. Aitortu behar dut artesietan benetan ondo eskalatzen bide hori probatzen ikasi dudala». Davisen ondoren, eskalatzaile hau «Salathe Wall» bidea era askean igo duen bigarren neska izan da.
Lorpen bera erdietsi du «Free Rider» bidean; hots, bide hori era librean igo duen bigarren emakumezkoa izan da. Aurreko erronkan izaniko sasoiari eta eskamentuari eutsiz, protagonista hau «Free Rider» marran sartu zen. Urria hasiera zen, eta jardun bikaina egin zuela aitortu behar zaio. Izan ere, era askean igotzeaz gain, oso denbora ona egin zuen: 14 ordu. «Nire 14 ordu onenak izan dira; inoiz eskalatu dudan arroka onena izan da. Sinestezina!». Gogora dezagun, Davisek 22 ordu eta 15 minutu behar izan zituela. Beraz, Smith-Gobatek errekorra hautsi du.
Aipatzeko modukoa da, halaber, Madelaine Sorkin-ek eta Kate Rutherford-ek iaz bide hori bera era librean eskalatu zutela; hots, emakumezkoek osatutako lehen sokada izan zen.
Findlay, gogor
Aipatu ditugun bi bide horiek, «Salathe Wall» eta «Free Rider», Kapitain hormatzarrean era askean eskalatzen diren bi marra errepikatuenak dira. Hots, pareta horretan eta estilo horretako eskaladan lehen esperientzia izan ohi da. Eskuarki hori gertatzen da, baina gure bigarren protagonistak, Hazel Findlay ingelesak, beste pauso bat eman nahi izan du. Lehen esperientzia zuen pareta enblematiko horretan, eta kikildu ordez, erabat ausart jardun du.
Bai, Findlayk erronka gogorra aukeratu zuen, eta ondo baino hobeto atera zaio. «Golden Gate» (8a, 41 luze) izan da helburua, eta emakumezko batek era librean igo duen lehena da orain bide hori. Hori bai, sokakide gizonezko bat zuen: Hansjorg Auer. Austriarrak ez bezala, britainarrak luze guztiak era askean igo zituen; batzuk sokaburu eta beste batzuk sokaren beste puntatik. Bristoleko eskalatzaile hau oso gaztea da. 22 urte ditu, baina oso indartsua dela erakutsi du. Britainiarren estiloan dagoeneko E9 zailtasuneko bide bat eskalatu du.
«`Golden gate' bidearen argazkiak ikusi nituenetik, jakin banekien noizbait eskalatuko nuela. Oso erakargarria da. Aurreneko esperientzia gisa, jendea `Free Rider' bidera joaten da, baina zer edo zer ezberdina egitea otu zitzaidan. Berez, 8a gisa aurkezten da, baina batzuek diote 7c+ gradura jaitsi dela. Zailtasun horretako hainbat luze ditu, eta gogor borroka egin behar izan nuen. Oso mugimendu teknikoak ditu. `Move' izeneko luzeak, adibidez, gogorrak baino gogorragoak diren lau mugimendu ditu. Inoiz egin ditudan mugimendu zailenak izan dira», adierazi du eskalatzaile gazteak.
Zalantzarik gabe, britainiarrak egin duena meritu handikoa da. Martina Cufar bide horretan izan da, baina argitzeke dago esloveniarra era askean saiatu zen ala ez.
Jarduera hau egin eta gero, Findlayk iragarri du Kapitainera itzuliko dela: «Hormatzar benetan erakargarria da, eta, jakina, den-dena egiteko daukat. «The Nose» marran saiatzea ederra izango litzateke, baina oso gogorra da. Oraingoz egindakoarekin gozatu nahi dut. Bide batez Hansjorg sokakideari eskerrak eman nahi dizkiot esperientzia hau nirekin partekatzeagatik. Ohore handia izan da, Hansjorg goi mailako eskalatzailea baita».
Mayan Smith-Gobat eta Hazel Findlay eskalatzaileek hiru bide gogor eskalatu dituzte era askean: «Salathe Wall», «Free Rider» eta «Golden Gate».