Analisia | Israel, teherani mehatxuka
Iranen aurkako erasoak eragingo lituzkeen kalte konponezinak
Gobernu frantsesa ez dator bat israeldarrek zein estatubatuarrek azken egunotan behin baino gehiagotan aipatu duten Iranen aurkako balizko eraso horrekin. Adituek eraso hori gertatzea ezinezkoa dela adierazi dute.
Xofor ORIA
Israelek Irani eraso egingo diola mehatxu egin du. Benjamin Netanyahu lehen ministroa eta Ehud Barak Defentsako burua horren aldekoak dira. Adituen hitzetan, balizko erasoak kalte konponezinak eragingo lituzke. Alain Juppe Atzerri ministro frantsesa dago aurka daudenen artean.
Alain Juppe Atzerri ministro frantsesaren ustez, Iranen aurkako eraso militarrak «desegonkortasuna» eragingo luke, eta horrekin batera, «kalte konponezinak». Europe 1 irrati kateari emandako elkarrizketan, Juppek asteburuan argitara eman diren zenbait informazio aztertu zituen. Horiek diotenaren arabera, Washingtonek ez du baztertzen Tel Avivek Iranen aurkako eraso militarra estatubatuarren baimenik gabe egitea. Izenik eman nahi ez duten «iturri ofizialak» aipatu zituen CNN telebista kate estatubatuarrak.
Parisek elkarrizketari eusteko eskatu du, Iranen egitasmo nuklearraren inguruan -edo aitzakiarekin- sortu den gatazka konpontzeko. Hori bai, «Israeli erasotzen badiote, Frantzia bere alde jarriko da», gaineratu zuen ministro frantsesak.
Simon Peres Israelgo presidenteak larunbatean esan zuen gero eta «sinesgarriagoa» dela Iranen aurkako balizko erasoa. AIEA Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziak Iranen egitasmo nuklearrari buruz egin duen azken txostena aurkezteko egun batzuk falta direla egin zituen Peresek adierazpen horiek. Presidenteak esandakoaren arabera, herrialde ezberdinetako zerbitzu sekretuek euren gobernuei jakinarazi diete Iran bonba atomikoa lortzeko moduan dagoela.
Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroak uste du AIEAk bihar aurkeztuko duen txostenak ez duela «zalantza izpirik utziko» Iranen egitasmo nuklearraren helburu militarren inguruan, eta horregatik estatu horren aurkako nazioarteko neurriak eskatu zituen. «Haaretz» Israelgo egunkariaren arabera, aipatu txostena erabakiorra izango da Tel Aviveko Gobernuak bere erabakia -Irani eraso egin ala ez- har dezan.
Azken egunotan, Benjamin Netanyahuren Gobernutik irtendako zenbait adierazpen eta azterketak Iranen instalazio nuklearren aurkako erasoaren aukera ipini dute eztabaidaren erdian. Hedabideek puztu egin dute kontua, nahiz eta adituek balizko eraso hori ezinezkoa dela jakinarazi duten. Ehud Barak Defentsa ministroak orain astebete «gezurtatu» egin zuen Iranen aurkako erasoa egiteko Netanyahurekin ados jarri denik. Berehala erantsi zuen aukera guztiak zabalik uzten dituen esaldia, ordea: «Ekialde Hurbilean edozein unetan gerta daiteke Israelek bere interesak modu independentean babestu behar izatea, beste indar batzuen laguntzaren zain egon gabe». Erasoa «gezurtatu» aurrena, ondoren mehatxua berriz puzteko.
«Haaretz»-ek dioenaren arabera, Israelgo Segurtasun kabineteko kide gehienak -hamabost dira- «oraingoz» erasoaren aurka daude. Israelen aditu batek baino gehiagok esan du ezinezkoa dela Israelek eraso hori egitea aurretik AEBekin koordinatu gabe eta, jakina, Amerikako erraldoiaren baimenik gabe.
Hala ere, mehatxuak puztuta jarraitzen du. Inkestak ere egin dira Israelen, munduari herritarrak zatituta daudela azaltzeko: israeldarren %41 daude, antza, erasoaren alde; eta %39, aurka.
Gainera, Tel Aviveko erregimenak «defentsa ariketak» egin ditu egunotan, herritarrek barneratu dezaten hiriburuari misilekin eraso egiten badiote, zer egin behar duten. Joan den asteazkenean, tentsio giro hori zertxobait indartzeko, sistema berri bat erabiltzen duen misilaren jaurtiketa egin zuen Israelgo Armadak. «Arrakasta osoz», jakina.
Ez da ahaztu behar Tel Aviveko Gobernuak berrehun bonba nuklear inguru dituela bere esku, nahiz eta ofizialki hori onartzen ez duen.
Bestalde, Israelgo hedabideek egunotan jakinarazi dute beraien Armadako hamalau hegazkin militar, Italiakoekin batera, maniobratan aritu direla Sardinian, «urrunerako misioak» prestatzen.
Teheranek mehatxuak ikusi ditu berri horietan, eta, Iranek erasoren bat jasanez gero, Israel «zigortu» egingo duela agindu zuen. Hasan Firuzabadi Irango Estatu Nagusiko buruak esan zuenez, «AEBek badakite erregimen sionistak Irani egindako edozein erasok sekulako kalteak eragingo dizkiola erregimen horri zein AEBei».
Hedabideek erasoa edozein unetan irits daitekeela esan badute ere, adituek ez dute uste horrela izango denik. Meir Dagan Mossad zerbitzu sekretuetako buru ohiak adierazi berri du balizko erasoaren aurka dagoela: «Inoiz ez dut entzun ideia zoroagorik». Tankerako horretako adierazpenak egin dituzte herrialde horretako zerbitzu sekretuetako buru askok, Uri Avnery idazleak sarean jakinarazi duenez.
Erasoaren aukera baztertzen dutenen arabera, Iranen aurkako gerra bat abian jarriz gero, mundu osoko ekonomiak sekulako kolpea jasango luke, erasotako herrialdeak Ormuzeko itsasartea itxiko lukeelako, hau da, makina bat herrialdetako petrolioa merkaturatu ezinik geratuko litzatekeelako. Eta krisi garaiotan pentsaezina da hori onartzea. Itsasartea berriz zabaltzeko ahalegin militarra oso garestia izango litzateke, eta ikusteko dago zein emaitza izango lukeen; Iran Irak baino askoz ere handiagoa baita, eta populazioa ere, herrialde arabiarrekoa baino hiru aldiz handiagoa. Gainera, Israelen aurkako borrokan hasiz gero, aliatu ugari sortuko litzaizkioke Irani. Baita Palestinan bertan ere.
Zergatik, beraz, erasoaren mehatxua berriz? Avneryk egiten duen irakurketaren arabera, Israelgo agintariek gerra giroa sortzea beste irtenbiderik ez dute ikusi, beraien gizartean sortu eta gero eta indartsuago eta koherenteago den «haserretuen» mugimenduari aurre egiteko. Idazle beteranoak dio orain arte palestinarren erasoak aitzakia ezin hobea izaten zirela manifestariak etxera joan zitezen, baina azken asteotan aldatu egin dela joera hori: «Bi hilabeteko etenaren ondoren, milaka manifestari elkartu ginen Tel Aviveko Rabin plazan.
Egun horretan bertan Gazatik jaurtitako koheteak erori ziren Israelgo hegoaldean. Orain arte, horrelakoetan, manifestazioak bertan behera geratzen ziren. Oraingoan ez, ordea».
Aldi berean, hilabeteotan «haserretuen» mugimendua goratu izan duten hedabide nagusiek egurra ematen diote orain. Etsai arriskutsuegia bihurtu ote da? Edonola ere, Israelgo agintarien kezka bakarra ez da izango, orain arte aliatutzat zituen herrialde askotan gauzak aldatzen hasiak dira-eta. Eta ez beraiei komeni zaien moduan!