GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK, GARAI BERRIAN

Estatuaren indarkeria amaiarazteko irmo jokatzera deitu du Amaiurrek

Euskal herritarren aurkako bortxa bertan behera uzteko eskatu dio Estatu espainolari Amaiurrek, eta, horretarako, irmo erantzutera dei egin die alderdi guztiei. Hauteskundeak, hain zuzen, gatazka politikoaren amaieraren oinarria direla gaineratu du Donostiako ekitaldian.

p005_f01_2.jpg

O.L. | DONOSTIA

Harrizkoak, burdinazkoak nahiz egurrezkoak. Hainbat eta hainbat dira Euskal Herriko herri eta hirietan alde bateko eta besteko bizilagunak elkartzen dituzten zubiak. Bi itsasertzen arteko komunikazioa errazteko, mendeak dira asmatu zirela. Irudi honekin eman zion hasiera atzo Amaiurrek Donostiako Antzoki Zaharrean antolatutako ekitaldiari. Giro epela eta etxekoa eskaintzen duen antzokia entzulez bete zen, baita hainbat ordezkariz ere. Bertan izan ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Miren Legorburu ezker abertzaleko ordezkaria edota Rebeka Ubera Aralarreko kidea.

Zubien metafora behin eta berriz baliatuz, Amaiur, dagoeneko, hasi da Euskal Herriaren eta euskal herritar ororen eskubideen aldarrikapenak Madrilera eramango dituena eraikitzen. Hala iragarri zuen atzo Maite Aristegik, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak.

Eskubideen aldarrikapena eta gehiengoaren borondatea eramateaz harago, koalizio abertzaleak Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren arteko zubia biolentzia guztien desagerpena aldarrikatzeko gurutzatuko duela adierazi zuen. «Eta biolentzia guztiak diogunean -erantsi zuen-, guzti-guztiez ari gara eta, bereziki, egun euskal herritarren aurka mantentzen den indarkeria bakarraz: Estatu aparatuen indarkeriaz».

Alde horretatik, ekintza horien aurrean jarrera irmoa agertzera deitu zituen alderdi guztiak. Eskaera berbera egin zion, halaber, Estatuari, «indarkeriaren eta mehatxuaren erabilpena behin betiko albora dezan».

Eta, hain zuzen, datorren azaroaren 20ak horretarako abagunea ahalbidetzen du. Amaiurren alde bozkatzeak, Aristegiren hitzetan, «konponbide demokratikoan sakontzeko aukera bikaina» irudikatzen du: «Izaera historikoa duen gatazka politikoa gainditzeko oinarriak eramango ditugu; hau da -jarraitu zuen-, Euskal Herria nazio gisa aitortzea, baita modu zilegi eta demokratikoan dagokion erabakitzeko eskubidea ere».

PPri eta UPNri dei eginez

Mezua eraman bai, baina hori entzunaraztea ez da gauza erraza izango; izan ere, «Euskal Herriak gaur egun parez pare Estatu antidemokratikoa dauka», nazio izaeraren aitortza eta erabakitzeko eskubidea ukatzen dizkiolako. Orainaz gain, etorkizun politikoa, soziala, ekonomikoa, kulturala zein ingurumen alorrekoa arriskuan jarriko dituen Estatua dela erantsi zuen. Proiektu horren ordezkaria gaur egun «eta are gehiago hauteskundeen ostean» PP izango dela ohartarazi zuen.

Balantzaren beste aldean (edo zubiaren beste aldean) berriz, Amaiur dago, «gizarte garapenean, aldaketa politiko eta sozialetan» sustraituta, «parekidetasuna, justizia soziala eta Ama Lurrarenganako errespetua» alde batera utzi gabe.

Gauzak horrela, bi proiektu parez pare jarrita, PP zein UPNri dei egin zien Aristegik «era publikoan bi proiektuen inguruan eztabaidatzeko. Euskal jendarteari azal diezaiotela zer eskaini behar dioten eskubideak eta demokrazia eskatzen dituen gehiengo sozial honi».

Politika egiteko bestelako modu bat posible dela aldarrikatu zuen, eta horren adibide jarri zituen Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia. Ildo horretatik, Donostiako Nazioarteko Konferentzian plazaraturiko Aieteko Adierazpena ekarri zuen gogora, «batzuek oraindik lotsarik gabe ukatu nahi duten izaera politikoko gatazka errekonozitu» zuena.

Rafa Larreinak, Kongresurako Gipuzkoako zerrendan bigarrenak, ere bide beretik jo zuen, Bilduren lana goraipatuz: «Ez da utopia, eredu sozioekonomikoan aldaketak exijitzen dituen gehiengoa egon badago».

Madrilera egingo dituzten bidaiak ere izan zituen hizpide. Han independentzia eskatuko dutela gaineratu zuen, «PSOE eta PPk esan arren eguneroko arazoak direla garrantzitsuak». «Hain zuzen, horrexegatik! erantsi zuen-, independentzia eskuratuta egin ahal izango baitiegu aurre lehiakortasunez gure arazoei. Hiritarrentzako lan eraginkorra egin daiteke boterea eskuratuta», amaitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo