Josebe Egia
Beti korapilatsu, beti geroko
Asteazken honetan faxismo, sexismo, homofobia eta arrazismoaren kontrako nazioarteko eguna «ospatuko» da. 1938ko azaroaren 9ko gauean, «Kristal hautsien gauean», SSek, Hitlerren aginduz, juduen eta bestelakoen ghettoetan sartu eta suntsidura kanpainari ekin zioten.
Asko aldatu dira gauzak, baina Hitlerren garaiko harropuzkeriaz egiten ez badira ere, egin egiten dira. Zapalduak eta baztertuak, ezkutuago eta bitarteko boteretsuen laguntzarekin sarri, egon badaude. Izan ere, botereak zerikusi handia du -ismo-en elikatzean. Adibideak jartzen hasita zutabe osoa bete nezake, are gehiago hemendik aste pare batera irekiko zaigun agertoki politikoan, baina ez zait egokia iruditzen gertakariak aurreratzea, agian mirakuluz okertu egingo naiz-eta. Agian, homofobia eta xenofobia ez dira gehiago sustatuko boteretik, lege eta «nazio, familia babesa» eta halako kontzeptu zaharkitu bezain alderdikoien bidez.
Sexismoari dagokionez, horren forma zaharrenetakoaren tratamenduari erreparatu baino ez dugu gauzak -pentsamoldeak- gutxi eta gaizki aldatu direla jabetzeko. Izan ere, zer gertatzen da prostituzioarekin? «Zenbat buru, hainbat aburu» esaerak zentzu osoa hartzen du gai honi dagokionez. Badirudi, gizartean behin-betiko erabaki bat hartzeko zailtasuna horretan datzala; funtsezko hainbat printzipio bateratzeko ezintasunak interes kontrajarrien arteko lehiari erantzuten diola.
Horrela, espainiar Estatuan, prostituzioan esku hartzen dutenak aintzat hartzeko garaian, erkidegotik erkidegora aldeak daude. Batzuek prostituta zein bezeroa zigortzen dituzte; beste batzuek, aldiz, kalean dabilen prostituta baino ez; batzuek prostituta biktimatzat hartzen dute, erabiltzailea eta proxeneta -bakoitza bere mailan- delitugile gisa tratatzen dituzten bitartean; beste toki batzuetan, ikusgai ez dauden bitartean, inor ez da biktima ez delitugile. Nazioartean gauza bera, pixkanaka-pixkanaka gauzak aldatuz badoaz ere.
Zergatik hainbeste arazo prostituzioari errotik heltzeko eta protagonistei eurei lehen hitza emateko. Salbuespenak salbuespen, emakumeek ez dute borondatez egiten; horretara bultzatuak eta bertan iraunaraztera behartuak dira, dela esplotatzaileen mehatxupean, dela pobreziatik edo egoera jakin batetik ateratzeko ezintasunak derrigortuta. Baina, jakina, egundoko diru-sarrerak sortzen dituzte. Prostituzioa da emakumeen esklabotza argien erakusten duena, emakumea objektu sexual izaten jarraitzera kondenatzen duena, beste delitu larrien iturri da (emakumezkoen salerosketa, bortxaketak...) eta, oro har, emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokari mesede eskasa egiten dio.
Prostituzioa aukeratzat jota, zer transmititzen diegu gazteei? Zer esaten diegu berdintasunari eta duintasunari buruz? Prostituzioa «hobetzea» erauzi beharrean, sexismoaren alderdirik anker zein bortitzenetarikoa onartzea da. Edozein dela ere jartzen diogun bilgarria.