GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Buruz aldatu arren, txapelak Gipuzkoan jarraituko du

Iñaki Azurmendik bere lehenengo txapela lortu zuen. Nazabalekin lehia bizia izan zuen Arriarangoak, baina azkeneko enborrean sei segundo atera zizkion.

p044_f01_345x534.jpg

Jon LEUNDA

Iñaki Azurmendik eskuratu zuen atzo Elizondon Euskal Herriko Lehen Mailako txapela. Lehen aldiz lortu zuen garaipena aizkolari gipuzkoarrak. Eguraldi txarra egin arren, leporaino bete zen Baztan pilotalekua, ia lekurik gabe geratzeraino.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu behar izan zituen. Ekitaldia hasi aurretik minutu bateko isilunea egin zuten, herenegun ama hil baitzitzaion Joxemari Olasagastiri. Hala ere, Igeldoko txapelduna lanean aritu zen atzo, baina ez zuen garaipena lortzerik izan.

Finala oso polita izan zen, amaierara bitarte ez zen emoziorik falta izan, eta azkeneko kolpera bitarte ere ez zen erabaki. Azkenean, Azurmendik jantzi zuen txapela, nahiz eta Nazabal oso gainean izan zuen. Hasieran, ordea, Lopez jarri zen aurretik, eta Lezaungoak postu horri eutsi egin zion bosgarren enborrera bitarte. Lehen oinbikoaren amaieran lehenengoa izaten jarraitzen zuen, baina lan erdietan Nazabal zen lehenengo, Azurmendi ondoan zuela. Lopez, hirugarren jarri zen.

Hortik aurrera lehen bi postuak ez ziren aldatu. Azurmendi gehienetan lehenengo izan zen, eta Nazabal ondoan. Azkeneko enborrean ere horrela sartu ziren, eta bi aizkolariak parean iritsi ziren amaierara, baina gipuzkoarrak sei segundo lehenago amaitu zituen lanak, eta beretzat izan zen txapela.

Aldaketarik ez

Atzetik, Lopezek hirugarren amaitu zuen podiuma osatuz. Olasagasti, berriz, azkar jarri zen laugarren postuan, eta hortxe amaitu zuen. Egun berezia bezain zaila zen atzokoa Igeldokoarentzat. Aipatu bezala, herenegun ama hil zitzaion, eta atzo garaipena hari eskaintzeko asmotan aritu arren, ezin izan zuen helburua bete. Atutxak sekulako jarraitzaile pila ekarri zituen, eta oso ongi hasi zen, baina amaieran bosgarren postuan bukatu zuen. Hurrengo Urrezko Kopan aritzeko txartela lortu zuen, eta amaieran ez zen haserre. Luix Txapartegi ere hasieratik jarri zen azkeneko postuan, eta Aizarnakoak ez zuen hortik ihes egiterik lortu.

«Beti honen atzetik ibili gara, eta azkenean lortu dugu. Oso gustura nago», esan zuen amaitutakoan Azurmendik. «Hasieran kolpe handiarekin eta erritmo txikiagoan hasi naiz, baina ikusi dut besteen ondoan nenbilela, eta horrek indarra eman dit. Hala ere, pentsatzen dut oraindik Nazabal besteen gainetik dagoela. Min hartuta egon da eta, hala ere, hor ibili da», erantsi zuen txapeldunak.

Lehen txapela zeini eskaini ere garbi zeukan. «Aitor Esnaolari. Kartzelan dago, eta hari eskaini nahi diot, baita kartzelan dauden eta ihes egindako guztiei ere, ea laster etxean izaten ditugun. Baita nire alboan ibili direnei ere, asko lagundu baitidate», adierazi zuen Iñaki Azurmendik.

Floren Nazabalek ere ez zion Azurmendiren garaipenari aitzakiarik jarri nahi izan: «Berak merezita irabazi du. Enborrekin ez dut zorte handirik izan, baina horrek ez du aitzakia izan behar. Iñaki txapeldun handia da eta merezita zeukan», esan zuen. «Azkeneko enborrean presaka aritu naiz, eta horrela ezin da», gaineratu zuen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo