Surflari ernegatua
Metroa, metroa da
Hegoamerikar batek esandakoa zati 2 egin behar da. Katalan batek esandakoa berriz, zati 4, eta espainiar batek esandakoa ez dago zatitu ere egin beharrik. Pertsona apaltzat ditugun horiexek lau metroko olatuak daudenean itsaski txikia dagoela dioten berberak dira, eta tamainako harrokeria apaltasun keinutzat hartzen dugu.
Surfa egiten hasteko arrazoiak anitzak izan daitezke. Surfa egiten jarraitzeko arrazoiak ere ugariak izan ohi dira. Denetarik aurki daiteke Jainkoaren erreinuan. Surfa uzteko arrazoiekin ere zerrenda luzea egin daiteke. Baina, norberak surfa edo beste edozer gauza ulertzeko modua berezia da, ez dago gainontzekoekin alderatzerik, bakoitzak bere bizipenak bere erara bizi eta ulertzen baititu.
Olatuak neurtzeko modua esaterako, oso erlatiboa da. Olatu beraren aurrean, batzuek bi metro ikusten dituzte eta beste batzuek, berriz, metro bat. Adibidez, hegoamerikar batek itzelezko olatua hartu duela esaten badizu, esandakoa zati 2 egin behar da. Katalan batek esandakoa, berriz, zati 4, eta espainiar batek esandakoa ez dago zatitu ere egin beharrik, edonola ere, mundu honetan bere arrazoia baino ez dagoela uste baitu, beraz, zatitzekotan, berak zu zatituko zaitu.
Euskaldunok, berriz, zer esan ez dakigula geratzen gara, beti mozolo aurpegiarekin. Eta jendeak isilik egotea eta apala izatea nahasten dituenez, pertsona umiltzat hartzen gaituzte. Ez gara konturatzen, horien begietara, umil edo tonto izatea, gauza bera direla.
Mundu mailako txapelketetan ezaguna den surflari batek, bere hondartzan egindako txapelketa herrikoi batean kategoria guztietan izena ematen badu, inoiz ezer irabazi ez duen auzokideak oso gutxitan izango duen lehen postua lortzeko aukera zapuztera doa. Morroi hori, oso isila izango da, baina ezin esan apala denik, 30 urte izan arren, infantiletan eta nesken kategorian ere izena ematen saiatu denean.
Pertsona apaltzat ditugun horiexek berak lau metroko olatuak daudenean itsaski txikia dagoela dioten berberak izan ohi dira, eta tamainako harrokeria ere apaltasun keinutzat hartzen dugu.
Pertsonaia motak sailkatu eta orokortu daitezke. Horien esanak modu batera edo bestera interpretatzeko guk ezarritako irizpideen arabera sailka ditzakegu, baina metro bat metro bat da. Lau oin eta bost hatz bete, lau oin eta bost hatz bete dira. Eta olatu batek, edonola begiratuta ere, duen neurria izango du, ez gehiago eta ez gutxiago. Bakoitzak, nahi bezalako altuera emango dio, baina olatu bakoitzak neurri jakin bat du.
Egia da, altuera bereko bi olatu oso desberdinak izan daitezkeela, ez baita gauza bera Donostiako Ondarreta hondartzan metro erdiko olatu bat hartzea edo altuera bereko olatu bat Hossegorren hartzea. Indarra ezaugarrietako bat da, olatuaren forma izan daitekeen modu berean, baina altuera, hori neur daitekeen zerbait da, eta ez da batere erlatiboa, oso gauza zehatza da.
Beraz, bi aukera ditugu surflariak olatuen altueraz hitz egiten entzuten ditugunean. Edo haien esanak guk geuk ezarritako irizpideen araberako iragazkitik pasa. Hau da, esandakoa zenbat puztu edo hustu behar den erabaki. Edo, batere kasurik ez egin eta norberak bere begiekin ikusitakoari soilik kasu egin. Nik lehenengoa maite dut.