1957ko azaroaren 7a, Waimeako ateak ireki eta surfaren historian ez dagokion lekua duen eguna
Surfaren historian oihartzun handiko izena da Waimea. Hawaiiarrentzat sakratua den leku honen inguruko kondaira eta istorio anitz daude, eta horietako bat faltsua da; hain zuzen, Waimean surfa lehen aldiz noiz eta nork egin zuen esaten duena. Data ofiziala baino 14 urte lehenago izan ziren Dickie Cross eta Woodie Brown gazteak Waimean. Dickie egun horretan bertan ito zen, 17 urterekin.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Gaur bezalako egun batean, 1957ko azaroaren 7an hain zuzen ere, Waimeako olatua hartu omen zuten lehen aldiz. 1957ko «asteazken handia» esaten dioten egun horretan Greg Noll izan zen, antza, lehen pausoa ematen ausartu zen surflaria.
Waimean inoiz hartu den olaturik handiena nork hartu zuen galdetuz gero, Greg Noll izan zela esango du askok. Pipelineko lehen surflaria nor izan zen aipatzen denean ere Greg Noll izendatzen da, eta horrela badira hainbat adibide, baina egiaz, Greg Noll zerrendako beste bat baino ez zela izan esan daiteke.
Izugarrizko abilezia eta ausardia erakutsi zuen, itzelezko balentriak egin zituen, baina ez zen bakarra izan, inondik inora. Besteengandik bereizten duena zera da, Greg Nollek surfaren historia idazten zuzen-zuzenean parte hartu duela.
Gazte zenetik erakutsi zuen merkataritza eta propagandarako gaitasuna, eta neurriko irudi bat zabaltzen asmatu zuen, bere irudi propioa hain zuzen ere.
Alabaina, Waimean inoiz hartu den olaturik handiena Greg Nollek hartu zuela frogatzen duen irudirik ez dago. Pipelinen lehen aldiz surf egin zuena ez zen Greg Noll izan, Phil Edwards baizik, eta Waimeako badian lehen olatua hartu zuen surflaria ere ez zen Greg Noll izan, hamazazpi urte besterik ez zituen Dickie Cross baizik.
Surfaren mende bateko historia laburrean ez dira asko betikotu diren gertakariak. Zenbait film surflarien bizimodua eta mundu ikuskera bat erakusten saiatu dira, baina zinemagileen ezjakintasunagatik-edo azaleko aferetan baino ez dira geratu.
Ikusleria zabalari begira baino, zuzenean surflariari begira egindako filmerik bada, hori, dudarik gabe, «Big Wednesday» da. Egileak oso ongi ezagutzen duen errealitate bat kontatzen du eta munduko ia edozein txokotako surflariak bere burua filmean islatuta ikusteko aukera ematen du.
John Milius zinemagile eta gidoigile iparramerikarrak gaztaroan izandako bizipenak eta bere belaunaldiaren testuingurua pantaila handian islatu nahi zituen, eta horretarako Dennis Aabergeren laguntza izan zuen. Azken honek lehenik liburu formatuan argitaratu zuen «The Big Wednesday» eta ondorenean filmerako gidoia egin zuen. Filmean bertan aktore lanetan ere ageri da.
Filmean agertzen diren pertsonaiak fikziozkoak izan arren, bai hiru protagonistek bai bigarren mailako aktore askok benetako pertsonen paperak antzezten dituzte.
Pertsonaia horietako bat Bear da, gazteei aspaldiko surf istorioak kontatzen dizkien taula egilea. Pertsonaia honek ematen dio filmari izena; izan ere, behin eta berriz errepikatzen du belaunaldiz belaunaldi garaiko surflariak proban jartzen dituen itsaski handi bat izaten dela, eta itsaski hori, beti, asteazkenez izaten dela.
Makaha-n izan zen itsaski handi bat aipatzen du. Olatuek zuten altuera neurtezina eta itsasoaren indar kolosala zehatz deskribatzen ditu, baina istorio hori, beste guztiak ez bezala, hirugarren pertsonan kontatzen du, ikusle soil bezala.
Filma ikusita ezin asma daiteke pertsonaia hori zehatz nor den, baina liburuan oso argi agertzen da. Bear goitizena duen pertsonaia antzezten duen aktoreak ordezkatzen duen pertsonaia historikoa Woody Brown da.
1943ko abenduaren 22an, Woody Brown eta Dickie Cross, 17 urteko kaliforniarra, Sunseten ari ziren surf egiten. Olatuak gero eta handiagoak ziren eta badian olatuak alderik alde ixten hasi ziren. Hori ikusita, Waimeako badiarantz jo zuten, handik irtetea errazagoa izango zelakoan. Bost kilometro baino gehiago egin zituzten hegoalderantz arraun egiten.
Waimean, izugarrizko olatutzarrak zeuden. Dickie Cross olatu bat hartzen saiatu zen, baina erori eta taula galdu zuen, ondorioz bi lagunak taula bakar batekin geratu ziren. Jarraian, Cross taula gabe olatu bat hartzen saiatu zen, baina itsasoak eramanda desagertu zen. Brown bere taulaz baliatu zen irteteko, baina momentu batean honek ere taula galdu zuen. Itsasertzean agertu zen, ia konorterik gabe eta larrugorrian, arinago igeri egiteko bainujantzia kendu baitzuen.
Beraz, Waimean surflariak izan ziren lehen aldia ez zen 1957ko azaroaren 7a izan, 1943ko abenduaren 22a baizik. Nahiz eta bi egunak asteazkena izan.