GARA > Idatzia > Kultura

Jokin Uranga izan zen atzo garaile Gpuntuaren final-laurdenak itxi zituen Azpeitiko saioan

30 bertsolariren parte hartzearekin bost saio jokatu ostean, atzo Azpeitian jokatutakoak itxi zituen Gpuntuaren final-laurdenak. Jada badakigu zeintzuk diren finalerdietan izango diren hemezortzi bertsolariak.

GARA | AZPEITIA

Gpuntuaren final-laurdenetako bosgarren eta azken saio erabakigarria jokatu zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan atzo, 1.500 bertsotzale entzule zirela. Bertsotan, sei bertsolari: Jokin Uranga, Ane Labaka, Iñaki Apalategi, Iker Zubeldia, Unai Muñoa eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Gai jartzaile lanetan, Iban Narbaiza.

Bukaeran, Jokin Uranga izan da puntu gehien batu eta finalaurrekoetarako txartela ziurtatu duena. Indartsu eta erregular aritu da saio osoan zehar, sendo arrazoiketan eta bertsoaren joskeran. Berarekin batera, saio berean kantatu duten Iker Zubeldia eta Iñaki Apalategi ere sailkatu dira finalerdietarako (informazio gehiago www.gpuntua.com webgunean).

Finalerdiak

Bi asteko atsedenaldiaren ostean, azaroaren 26an hasiko dira Gpuntuaren finalaurrekoak, Arrasateko saioarekin. Hasiera batean, saioa azaroaren 20rako aurreikusita zegoen arren, hauteskundeak direla-eta azaroaren 26ra atzeratu dute Arrasateko finalaurrekoa.

Hiru bertso saio izango dira fase berrian: Arrasateko aurrenekoaz gain, Tolosako eta Hernaniko saioekin bukatuko dira finalerdiak. Final handia berriz, abenduaren 18an jokatuko da Donostiako Illunbe zezen-plazan, eta antolatzaileek sarrerak aurretiaz erosteko gomendioa egin dute.

Finala heldu baino lehen, finalerdietan kantuan arituko diren bertsolariak hauek izango dira, sailkapen postuaren arabera zerrendatuta: Jexux Mari Irazu, (502), Beñat Gaztelumendi (501.5), Aitor Sarriegi (494), Jon Martin (494), Jokin Uranga (488), Felix Zubia (482), Alaia Martin (481), Iñigo Mantzizidor Mantxi (480), Unai Agirre (480), Agin Rezola (479.5), Beñat Lizaso (479), Amaia Agirre (478.5), Iker Zubeldia (478), Nerea Elustondo (474.5), Iñaki Apalategi (472.5), Iban Urdangarin (472), Iñigo Izagirre (471.5), eta Ainhoa Agirreazaldegi (468.5).

FINALERDIAK

Arrasaten azaroaren 26an hasiko diren finalerdiak Tolosa eta Hernaniko saioekin itxiko dira. Hemezortzi bertsolari arituko dira kantuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo