GARA > Idatzia > Kultura

Eguzkia baino gorago hegan egin nahi izan zuen taldea hogei urte gaztetu zenekoa

Kultur Kutxa jaialdi jaio berria dugu, Donostian hiru gau egin eta atzo Primal Scream eskoziar taldeak itxi zuena, zer eta «Screamadelica» lan mugarria berrikusita.

p058_f01.jpg

Anartz BILBAO

80ko hamarkada hasieran sortu zen Primal Scream, Glasgown, Bobby Gillespie (Jesus & Mary Chain taldeko bateria jotzaile ere izandakoa) buru zuela. Eta taldeak 1991n jo zuen goia, hirugarren lana zuten “Screamadelica” eman eta nazioarteko musikazaleen arreta deituta. Orain, lana argitaratu eta hogei urtera, berriro zuzenean jo nahi izan dute, zaleak bi hamarkada gaztetu eta nerabezarora buelta zitezen.
 
Kultur Kutxa jaialdia hala ere, ostegunean hasi zen Wilco talde entzutetsuarekin. Jeff Tweedyk gidatzen duen Chicagoko seikoteak “The Whola Love” zuen aurkezgai, Kursaal aretoan. Biharamunean, Gazteszena aretoan, Cristina Rosenvinge izan zen protagonista atzo festa erraldoi batez itxi zen jaialdian, Anoetako belodromoan.
 
Sei talde izan genituen oholtza gainean, eta horrelako jaialdietan lehen orduak jendez urri izaten diren arren, etxekoak diren Rock Privado eta Krell-ek aukera ikaragarri ederra gozatu zuten, nazioarteko itzal handiko taldeekin oholtza partekatuta, baita lan berria aurkeztu zuen Thee Brandy Hips taldeak ere.
 
Bazkalosteko girotze lanak eginda, festa 21.00ak inguruan hasi zen berotzen, Getxoko We Are Standard-ek lan berria, “Great State” aurkezten zuen eta. Bizkaitar taldea dantzagarriagoa den arren, Fanfarloren aurretik jo zuen, Londresko boskoteak egin baitzizkion berotze lanak Primal Scream izar nagusiari. Simon Balthazarren taldeak lan bakarra du argitaratua, “Reservoir” (2009), musikazaleen artean nabarmentzen hasteko nahikoa izan duena. Lehen bost taldeek lanak garaiz eta iragarritako orduan bukatuta; gaueko hamabiak jotzeko zirela (23.45ean), Glasgow hirikoen eguzkiak oholtza hartu eta belodromoa argitu zuen.

Rock psikodelikoa
 
Talde handi batek izan beharko lukeen baino soinu okerragoaz (edo ez, belodromoan ginelako), eta parean ginen guztiok espero bezala, Stones kutsuko “Movin´ on up” doinuak eman zuen lehen ziztada, Bobby Gillespie zilarrez jantzita gidari zela. Berak gidatu zuen gaua, inguruan taldekideak zituela, seikotea osatuz. Tarteka, gainera, saxofoia zein zeharkako flauta jotzen zuen musikari bat eta ahots sendoko emakume beltz baten laguntzarekin, zortzikote izatera ere iritsi ziren (diskoa bere osotasunean jotzeko lehen aldiz Londresen elkartu ziren –DVDan jasotako bi zuzenekotan–, eta han gospel abesbatza eta metal sekzioa ere izan zuten).
 
Kantu zerrendari dagokionez, zalantzarako aukerarik ez, orain hogei urteko lana berrikustera etorria baitzen taldea. Beraz, “Screamadelica” lanean bezala, 13th Floor Elevator ezkutuko talde zirikatzailearen “Slip inside this house” izan zen bigarren alea, jendea giroan sartzen ari zela. Eta “Don´t fight it, feel it” kantuan aipatutako neska beltzak ahotsaz erakustaldia eman zuen.
 
Taldea gailurrera eraman zuen “Screamadelica” genuen izarra, askoren esanetan, rockaren historian mugarri suertatu baitzen 1991ko irailaren 23an Creation Records zigiluan argitaratu zuten lana –Mercury Music Prize saria jaso zuen 1992an–. Diskoa, egia esan, ez da bere osotasunean entzunerraza, pasarte zoragarriak dituen arren, eta zerbaitek sona eta distira eman badio, oso stonianoa izan arren, (acid) house musikara lerratua izateak eman dio, ez zuen alferrik Andrew Weatherall disko jartzaileak (batez ere) ekoiztu. Hau da, elektronikara begiratzen hasi ziren, lana pasarte akustikoek eta Rolling Stonen tankerako rockak ere zipriztintzen duen arren. Gerora, kontuan hartu, bide elektronikotik emaitza bikainak lortuko zituen Primal Screamek –“XTRMNTR” diskoko “Swastika eyes” kasu–, droga saltsatan murgilduta.
 
Diskoaren kantu ordena alde batera utzi zutenerako, jendeak ahaztuak zituen kanpoko euri eta hotsak –Donostiak ongi-etorri beroa eman eta etxean (Glasgow-n) bezala senti zitezen, blai eginda jaso zituen eskoziarrak–. Belodromoa abiadura betean zen.
 
“Damaged” kantu lasaiak baino ez zuen dantzarako grina baretu, eta “Loaded” megahitarekin lortu zuten une gorena (“Come together” abestiarekin batera). Gillespiek berak bere buruari txantxaka “Sympathy For The Devil” kantuko koroak eskatu zizkien ikus-entzuleei, hain da stonianoa kantua.
 
Txandakako argi zuri itsugarriz hasi zen zuzenekoak Paul Cannell artistak egin zuen eguzki ezaguna izan zuen ikur oholtza atzean, aretoa giro lisergiko eta psikodelikoan sartzeko (Chemical Brothers bikoteak ere ez zuen gutxitan entzungo “Screamadelica” seguru asko).
 
Eta Gillespiek hasieran hotz utzi gintuen arren («Free for basque!» oihukatzean egin zuen gora soinuak –eta ez da broma–), gero grina eta kalipu guztia bisen garairako utzia zuela erakutsi zuen –jada ez gaude hogeietan–, marakak eskuan, gora, etengabe gora egin zuen gauean: «Who do you love!».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo