Nolako mundua izango genuke, naziek irabazi balute? Erantzuna, «Azken garaipena» komikian
Ikastolen Elkartearen «Xabiroi» komiki aldizkarian agertutako «Azken garaipena» bilduma album bakarrean argitaratu du. Horra, Iban Zalduak eta Julen Ribasek egindako istorioa osorik irakurtzeko aukera.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
«Azken garaipena» komiki bat da, ez nobela grafikoa. Egileetako batek, Iban Zalduak, atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, nobela grafikoa marketin asmakizun hutsa da eta bera komikizalea da, ez bestelakoa. Hala ere, sekula ez zuen gidoigintza lanik egin lehenago, bere komiki ezaguerak irakurle hutsarenak direla azpimarratu zuen. «Erronka bezala hartu nuen, ez nintzen inoiz saiatu gidoigintzan», esan zuen Zalduak.
Istorioa zientzia fikzioaren generoaren barruan kokatzen da; ukronia bat dela azaldu zuen Zalduak; hau da, historiako pasarte batean gertakizunen bat aldatuta sortutako errealitate faltsua.
«Azken garaipena» komikian naziek Bigarren Mundu Gerra irabazi zuten, eta 2052. urtean kokatzen da, lehen Berlin izandako hirian. Protagonista Poliziako teniente bat da, Sigrid Frisch, eta gertatuko diren hainbat hilketa misteriotsu ikertu beharko ditu. Izan ere, topatutako hilotzek zilborra dute, 1952az geroztik Estatuan topatzen diren lehen zilborrak.
«Nire gaztaroko irakurketei eta zinemari egindako omenaldi bat da», esan zuen Zalduak. «El Capitán Trueno» eta «Hazañas bélicas» bildumetan inspiratu baitzen idazlea. Hortik, protagonistarentzat, «El Capitán Trueno» komikiko Sigrid izena hartu zuen.
Genero beltzeko hainbat elementu ere baditu komikiak, baita thriller politikoaren ezaugarri batzuk ere. Gainera, «metakomikia» dela esan zuen Zalduak. Izan ere, protagonista ere komikizalea da eta «Azken garaipena»-ren barruan Sigrid irakurtzen ari den komikiko irudiak agertzen dira.
Marrazkilari lanetan Julen Ribas arrasatearra aritu da. «Komiki munduaren inguruan ez nago oso jantzia. Asterix eta Obelix, Tintin edota Mortaledo eta Filemon ezagutzen nituen, baina ez gehiago», aitortu zuen Ribasek. Hori dela-eta, marrazkietarako erreferentziak beste iturri batzuetatik lortu behar izan zituen: pelikuletatik, Zalduak aipatutako komikietatik, musikatik...