GARA > Idatzia > Ekonomia

Gaztagintzako industrialariak ekoizleen kooperatiba deuseztatu nahian ari dira

Atharratzetik Amikuzerainoko eremuan ardi esnea ekoizten duten 84 esnegilek salatu dutenez, euren kooperatiba deuseztatzea helburu, gaztagintzako industrialariek «xantaia» egiten diete. Jokamolde hori, gainera, Iparraldeko ekonomiarentzat «oso arriskutsua» dela uste dute.

p026_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

CLPB Ipar Euskal Herriko esne ekoizleen kooperatiban elkartutako 84 ardi-esne ekoizleen ordezkariek gaztagintzako industrialariak beren egitura deuseztatzeko saiakera egiten ari direla salatu zuten atzo Baionan.

Datorren asteazkenetik goiti abiatuko den urteko produkzio kanpaina berria prestatzen ari zirelarik izan zuten horren berri. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ardi-gaztagintzako eragile nagusiek azaroaren 7an Baionako suprefeturan izandako bilkuran jakinarazi zuten kanpotik (Aveyron, Nafarroa Garaia eta Espainia, besteak beste) ekartzen duten esne kopurua 8,5 milioi litrora helduko zela. Inportazio horiek iaz 2,5 milioi litroko soberakina sortu zutela aintzat hartuta, aurten kanpoko ekoizleei ez zietela 7 milioi litro baino gehiago erosiko adostua zuten. Alta, gaztagintzako industrialariek ez dute emandako hitza bete eta gehiago inportatzea deliberatu dute.

Ez hori bakarrik; 1999tik bertako esne-produkzioa erosteko hartutako konpromisoa ere hautsi dute eta, hala, CLPBko baserritarrek ekoizten duten esne guztia ez dutela jasoko esan zieten aipatu bilkuran. Ezusteak, ordea, ez ziren hor amaitu. Izan ere, kooperatibako ekoizleen esnea jasotzeko baldintza bat ezarri zieten, guzti-guztiek kooperatiba uztea.

Horrek haserre bizian jarri ditu CLPBko kideak. Industrialarien jokamoldea «xantaia hutsa» dela diote, eta atzean lehiakide bat erditik kentzeko saiakera dagoela deritzote, batik bat, esnea biltzeaz gain, CLPBk gaztagintzan hasteko lehen urratsak egin dituen honetan.

Arriskua ekonomiarentzat

Bada, haatik, beste «arrisku handi bat», euren esanetan. Gaztagintzako enpresei esnearen merkatua beren kasa kudeatzen uzten bazaie, hemendik gutxira Ipar Euskal Herriko ekonomia bera kinka larrian jartzeko arriskua dago, batez ere, kontuan izanik Ossau-Irati sor-markaren baitan produzitzen dela esne kopuru handiena eta ekoizleen %85 Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak direla. Hortik kanpo ekoizten ari diren gaztak sor-marka horren produkzioa hondora lezakeela uste dute.

Egoera horren aurrean, sor-markaren Administrazio Kontseiluak bilkura izan zuen joan den azaroaren 10ean, eta bertan gaztagintzako enpresa gehienek hartu duten bideari aurre egitea erabaki zuten.

SOR-MARKATIK AT

Ossau-Irati sor-markatik kanpo geratzen den esnea %30 gutxiago ordaintzen dute gaztagileek (0,75 euro litroa) eta produkzioa handitzen ari dira Pirinioetako gazta izendapenarekin

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo