GARA > Idatzia > Kultura

Guggenheimek gizartearen gaineko hausnarketak bildu ditu

Bilboko Guggenheim museoak «Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II» erakusketa berria ireki du gaur, eta zabalik izango da 2012ko abuztuaren 28ra arte. Guztira, zazpi artistaren obrak bildu dituzte.
p042_f02_199x096.jpg

GARA | BILBO

XX. mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetako europar gizartearen inguruan zazpi artistak -tartean, Kiefer, Ritcher, Baselitz, Kounellis eta Francecs Torres- egindako hausnarketak dira Bilboko Guggenheim museoak gaur irekiko duen erakusketa berriaren ardatza. Bildumak hamarkada horietan hasi ziren eta egoera politiko eta soziala beren lanetan islatu zuten artisten obrak elkartu ditu, nahiz eta pieza horiek museoarenak ziren.

«Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II» erakusketak ondorengo egileen piezak biltzen ditu: Georg Baselitz (1938), Anselm Kiefer (1945), Gerhard Ritcher (1932), Christian Boltanski (1944), Jannis Kounellis (1936), Francesc Torres (1948) eta Richard Long (1945).

Bi aretotan banaturik daude. Batak, Georg Baselitz-en «Lenin andrea eta urretxindorra» izeneko margolanak jasotzen ditu. Bestean, berriz, gainerako artisten lanak jarri dituzte, eta ibilbidea Gerhard Ritcherren «Itsas paisaia» koadro handiarekin hasten da. Anselm Kiefer-ek Alemaniako historiari buruz hitz egiten du, mistizismo eta espiritualtasunarekin batuta. Hala, «Bi ibaien lurra » eta «Gaueko ordena ospetsuak» pintura erakusten dira.

Erakusketak Jannis Kounellis greziarraren instalazio handi batekin egiten du aurrera. Kounellis-ek Italian burutu zuen bere lana eta bertan II. Mundu Gerraren ondoren gizartean gertatu zen zatikatzea irudikatu zuen.

Francesc Torres katalanaren «Beranduegi Goyarentzat» bideo-instalazioak Europako XX. mendeko historiaren beste hainbat gertakizun garrantzitsu erakusten ditu sei pantaila handitan: Errusiar Iraultza (1917), Hitlerrek 1933an boterea eskuratu zuenekoa, 1945eko Jaltako Batzarra, Israel estatu izendatu zenekoa (1948) eta SESBen Gorbatxovek boterea lortu zuenekoa (1985).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo