aurrekontuak herrietara eraman ditu Gipuzkoako diputazioak
Eredu berri bat helburu, «kontuak garbi»
Aurtengoan benetako prozesu parte-hartzailea martxan jartzerik izan ez badu ere, aurrekontuetan hartutako erabakiak eta horien zergatiak modu gardenean eta zuzenean azaldu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak «Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz» goiburupean eskualdeetan egindako bileretan.
Alazne Basañez |
Errauskailua gelditu behar duzue? Atez-atekoa martxan jarriko duzue? Zer-nolako neurriak hartuko dituzue iruzur fiskalari aurre egiteko? Galdera eta proposamen ugari plazaratu dituzte herritarrek Bilduk gobernatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuak azaltzeko, hartutako erabakiak aurkezteko, zergatiak argitzeko eta itaunak erantzuteko azken bi asteotan eskualdeka egin dituen bilera irekietan.
Errenterian, Azpeitian, Tolosan, Irunen, Beasainen, Zarautzen, Arrasaten, Azpeitian, Donostian eta herenegun Hernanin, Martin Garitano ahaldun nagusiak hainbat diputatu, zuzendari eta batzarkideren laguntzarekin diru kontuen berri eman die herritarrei, asti faltagatik aurtengoan guztion artean adosterik izan ez dituztenak. «Kontuok ez dira, zoritxarrez, gure politikan erabili nahiko genukeen partaidetza prozesu baten emaitza», nabarmendu du Garitanok bileretan.
Parte hartzea sustatzearen filosofian txertatzen dira batzarrak. Ekaina bukaeran hartu zuen Bilduk bere gain Foru Aldundiaren ardura, eta, ondorioz, aurtengoan ez dute prozesu parte-hartzailea bere osotasunean martxan jartzerik izan. «Jendeak jakin behar zuen zergatik egin ditugun aurrekontu hauek eta ez beste batzuk, eta hori gutxienez transmititu behar genuela erabaki genuen; eskualdeetara hurbildu beharra genuen, gure gestioa ez baitugu jenderik gabe ulertzen», nabarmendu dute.
Behar hori gizartean bertan ere nabaria da, Amaia antzokia edo Reina aretoa jendez gainezka izan baitira azken hamabost egunetan. Errenterian 130 lagun batu ziren, ehunetik gora Azpeitian, 98 Irunen, 95 Beasainen, 96 Eibarren, 150 Zarautzen, 120 Arrasaten, 60 Donostian, eta, herenegun, batzar jendetsua egin zuten Hernanin. Departamentuka ere egin ditu Foru Aldundiak bilerak gizarte eragileekin, eta, hala, Gizarte Politikarako Departamentuak egindakoak ia 200 elkartetako ordezkariak batu zituen Donostiako Miramar jauregian hilaren hasieran. Besteak beste, behar bereziak dituzten pertsonentzako egoitzetan toki gehiago eskatu zituzten bertaratutakoek.
Erakundeen eta herritarren arteko harremanak zuzenagoak izateko egin beharreko bidearen hasiera besterik ez dira bilerok. Izan ere, bide horretan hainbat bitarteko indarrean jartzeko helburua du Diputazioak.
Orain arteko ereduaren porrota
Egindako batzarretan aurrekontuen partida guztiak azaldu dizkiete bildutakoei pantaila erraldoiak erabiliz, eta, informazio guztia zehatz-mehatz biltzen duten eskuorriak ere banatu dituzte herritarrek denboraz azter ditzaten. «Orain artean indarrean izandako ereduak porrot egin du, neurrigabeko zorpetzean, zerga bilketa injustuan eta zentzugabeko azpiegituretan oinarritzen delako eta horrek guztiak amildegira eraman gaituelako», jakinarazi du bilerotan Martin Garitanok. Horren aurrean, «batzuek lehengo egoerara itzuli nahi dute, `krisitik ateratzea' hori dela ulerturik, baina guk, ordea, eredua errotik aldatzearen aldeko apustua egin nahi dugu». Bide horretan, aurrekontuetan neurri zehatzak hartu dituzte: doikuntza egin, gizarte politikak bultzatu eta zerbitzu publikoak mantendu. «Horregatik diogu Pasaiako badia biziberritu behar dela eta portua berrantolatu, baina kanpo kaia ez dela egin behar; horregatik ez dugu erraustegia nahi, beste eredu bat nahi dugulako», esan zuen Hernanin ahaldun nagusiak.
Pasaiako portuari eta hondakinen tratamenduari buruzko galdera eta proposamen ugari atera dira bileretan. Portua handitzeko dirurik ez dela jarri behar defendatu dute parte hartu duten herritarrek. Beste askok erraustegia gelditu eta atez ateko sistema jartzeko eskatu dute. Hondakinak biltzeko ezarri beharreko sistemaren erabakia udal bakoitzari dagokiola eta Diputazioak planifikazioa egin beharra duela argitu dute bilerotan.
Tolosa eta Zarautzen egindako bileretan, baserrien eta baserritarren etorkizunaren inguruko kezkak nagusitu ziren. Egoera zeharo okertu dela eta neurriak hartzeko beharra azpimarratu zuten bertaratutakoek. Baserriak mantentzea estrategikoa dela nabarmendu ostean, aurtengo aurrekontuak trantsiziokoak direla eta urte honek benetako inbertsioak non egin behar diren aztertzeko tartea emango diela erantzun zieten. Sektore askotan, lehenean kasu, sustapen egitasmoak funtsezkoak direla nabarmendu zuten Aldundiko ordezkariek, urte luzez kaltetuak izan direlako.
Urola aldean, berriz, lurraldearen kohesioaren gaiak bereganatu zuen protagonismoa. Donostiara hurbiltzeko dituzten garraiobide publikoak oso eskasak direla mahaigaineratu zuten, baita hiriburua oso garatuta dagoela eta herriak ez. Adibide gisa, azpeitiarrek igandetan bi autobus besterik ez dituzte hiriburura joateko, lehenengoa 15.30ean. Hori dela eta, garraio publikoa hobetzeko eskatu zuten.
Tolosan ospitale publikoa falta dela nabarmendu zuten herritarrek. Irunen, berriz, zaharrentzako zerbitzuak zabaltzearen beharra azpimarratu zuten Diputazioak antolatutako bileran elkartutako herritarrek.
Iruzur fiskala
Tokian tokiko kezken gainetik, gai bat nagusitu da bilera guztietan: iruzur fiskala. Zer egiten du Diputazioak iruzur fiskalaren kontra? «Gure ardatzetako bat dela erantzun dugu, gure lehentasuna. Insolidarioa da tranpa egitea, azkenean gure buruari tranpa egiten diogulako», erantzun du behin eta berriz Diputazioak. Nabarmendu dutenez, borondate politikoa -«guk irmoa daukagu»- eta inbertsioak egitea beharrezkoak dira borroka horretan.
Bileretan azaldu dutenez, egun iruzurra detektatzeko aukera ematen duten tresna teknologikoak daude, datu askoren erkaketa ahalbideratzen duten programa informatikoak adibidez. Iruzurra zein sektoretan metatzen den ere jakina dela nabarmendu dute bileretan: soldatapean ez daudenen sektoreetan ematen da batik bat eta «gure lana iruzur hori ondo detektatzea da».
Horrenbestez, plan integrala martxan jartzeko lanean ari dela iragarri du Gipuzkoako Diputazioak, bai detektatzen diren kasuak zigortzeko bai prebentzio lana egiteko, «hau da, iruzurra egin ahal izatea zailtzeko».
Egindako bilera irekietan Martin Garitano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, «aurtengoak trantsizio aurrekontuak dira, gure helburua bizi kalitatea hobetzen duen eta lurraldeko ekonomian eragin positiboa duten proiektuak lehenesten dituen eredu berri bat indarrean jartzea baita».
Sektore produktibo desberdinen etorkizuna lantzeko ikerketa eta proiektuak garatuko ditu Foru Aldundiak, eta, horrekin batera, enpresariekin, sindikatuekin eta gainerako eragile ekonomikoekin elkarlanean, elkarrizketa eta akordio eremu berriak sortuko dituztela jakinarazi du Garitanok.
Gipuzkoa Sarean ekimenaren bitartez, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren etorkizun sozioekomikoan sakonduko dute, eragile anitzen parte hartzearekin. Gizarte politikak indartu dituztela ere nabarmendu du Garitanok bilerotan. «Politika berri baten eta politika egiteko modu berri baten trantsizioa, abiapuntua, dira aurrekontu hauek», nabarmendu die ahaldun nagusiak herritarrei.
Eta horren beharra ere badagoela erakutsi dute bileretara bertaratu direnek. Izan ere, parte hartzeko gogoa eta gizarte arloko politikak sustatzeko nahia ageri-agerian geratu dira herritarren galderetan eta proposamenetan. Krisiak krisi, gizartea bizi-bizirik dago.