IÑIGO LAMARCA ITURBE | Arartekoa
Haurren eskubideen hitzarmena
Gaur, hedabide-iturri guztiak hauteskunde orokorrei begira daude. Askorentzat, parte-hartzearen eredua da gaurkoa: gure kezkak, iritziak eta sentimenak biltzen dituzten pertsonak aukeratzen ditugu, elkarrizketaren bitartez akordioak lor ditzaten guztioi eragiten diguten gaiak aurrera ateratzeko.
Baina azaroaren 20an Haurren Eskubideen Hitzarmenaren urteurrena ere ospatzen dugu, eta bi gertakariok aldi berean jazotzeak argi bereziz nabarmentzen du gure haurren, gure neska-mutilen eskubideetako bat: entzunak izateko eta beraiei dagozkien gaiei buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea.
1989an herrialdeen arteko adostasun ikaragarriaz onartu zen hitzarmenak dioen bezala, haurrak eta nerabeak eskubideen subjektu dira, ez bakarrik babesteko objektu soilak, beraien iritzia, beraien hitza nahitaezkoa da dagozkien erabakiak hartzeko orduan. Beraiekin familia, eskola, jolasa, eta abar partekatzen ditugun pertsona helduentzako erronka bat izango da modu egokiak antolatzea haiek, bakoitzak dituen aukeren arabera, beren iritzia helaraz dezaten: ziur aski ez da berdin egingo 6 urteko umeekin eskola-guneetan edo nerabe izateko bidean dauden 12 urteko neska-mutilekin kirol talde edo aisialdiko talde batean, edo 17 urteko gaztetxoekin familia barruan. Sormen pixka bat lagungarri izango dugu.
Baina funtsezko oinarria, parte hartzeko pentsa ditzakegun modu guztiek batera duten elementua proposamenaren zinezkotasuna da: benetan prest egotea esaten dutena entzuteko, zerk kezkatzen dituen jakiteko, beraien iritzia kontuan hartuz eraikitzeko. Erraz imajinatzen dugu gugan zer interes gutxi piztuko luketen parte hartzeko prozesuek (gaurkoak bezalako hauteskundeek ere bai), baldin eta «jendeari begira» edo «itxurak egiteko» gauzatuko balira eta gure bizitzetan eraginik ez dutela susma- tuko bagenu. Gure neska-mutilak ez dira desberdinak, heltzen ari diren pertsonak eta herritarrak dira, ikasteko eta harremanak izateko irrikaz daude.
Parte hartuz ikastea, komunitatea eraikitzeko parte hartzea: eskubide hori gaur-gaurkoa da.