GARA > Idatzia > Euskal Herria

Busturialdeko Ur Partzuergoak aurrenekoz eman du bere egoeraren berri jendaurrean

Busturialdeko Ur Partzuergoak, Bilduko Iratxe Arriola presidentea buru, lehenengo aldiz azaldu du batzar ireki batean zein den partzuergoaren benetako egoera. Agerraldian, horniketari, saneamenduari, kontrolik gabeko urari eta ekonomiari lotutako gaiak jorratu dituzte.

p021_f01.jpg

Jon ADAN |

Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritza berriak, Iratxe Arriola (Bildu) presidentea buru duela, erakundearen egoeraren berri eman du lehenengo aldiz batzar ireki batean, Arriolak berak GARAri egindako adierazpenen arabera, «biztanleek Partzuergoaren egoera erreala ezagutzeko eskubidea dutelako». Modu horretan, zuzendaritza berriak gardentasunaren alde egiten duen apustua berretsi du.

Aitor Egurrola gerentearen laguntzarekin astearen hasieran Gernikako Elai-Alaia aretoan egindako agerraldian, horniketari, saneamenduari, kontrolik gabeko urari eta egoera ekonomikoari lotutako arazoak eta planak plazaratu zituen Iratxe Arriolak.

Hornikuntzari dagokionez, Lurralde Ekintza Plan (LEP) baten beharra dagoela azpimarratu zuen, ur hornidura modu arrazionalean egiten den edo ez aurreikusteko balioko duena. «Busturialdean dugun ura behar bezala kudeatzeko eta bertako biztanleei ahalik eta zerbitzu egokiena emateko, ezinbestekoa da plan hori martxan jartzea», iritzi du Arriolak.

Obrak eta planak

LEPak hainbat alderdi aztertuko ditu, egungo ur-hartuneen edota zaharkituta dauden azpiegituren egoera zein den eta horien mantentzea egokia izan den edo ez, besteak beste. «Ondoren dagozkion erabakiak hartuko ditugu -erantsi zuen-, baina azken helburua, egun dauden ur-hartuneen dibertsifikazioa ahalbidetzea izango da, horrela, horniketa bermatzea lortuko bailitzateke. Bestalde, zaharkituta dauden azpiegituretan inbertsioak burutu nahi ditugu».

Saneamenduari dagokionez, bi gai jorratu zituzten Gernikako bileran. Alde batetik, herri txikietara saneamendu sarea eraman beharra, «Busturialdeko eskualdea saneamendu gabeko bakarra delako Bizkaian, eta horrek kalte nabarmena eta etengabea eragiten diolako Urdaibaiko erreserbari», Arriolaren hitzetan. Horregatik, ezinbestekotzat du «hasitako obrak amaitzea». Bestetik, itsasadarreko eskuinaldeko ertzeko herriak kolektore nagusiari lotzeak lehentasuna duela adierazi zuten, alegia, Gernikatik Bermeorainoko herriak kolektore nagusira lotu beharra dagoela.

Horrez gain, kontrol gabe isurtzen den uraren bolumena murrizteko plana gauzatuko dela aurreratu zuten egindako biltzarrean, egun uraren %50 ez baita fakturatzen, sarean egon daitezkeen jarioak medio edota kontabilizatu gabeko udal erabilerengatik; hori «onartezina» dela iritzi du Arriolak. Arazoa konpontzeko aurreikusten den neurri aipagarriena «udalek erabiltzen duten ura kontrolatzea» izango litzateke.

Orain arte EAJk aurrera eramandako kudeaketa ekonomiko «arduragabea» salatu ostean, kontuak ikuskatzeko auditoria integrala bultzatuko dutela esan zuen. Lehendabizi, ordea, Ur Partzuergoarekin zorretan daudenekin bilduko direla iragarri zuen.

Foru Aldundiarekin eta URA ur agentziarekin bilerak

Saneamendu zein horniketa sareetan beharrezko konpromisoak adosteko, Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritza Bizkaiko Foru Aldundiko eta URA EAEko ur agentziako ordezkariekin bilduko da. «Asteazkenean, Bilbon, Aldundiaren egoitzan egingo dugu bilera. URArekin biltzeko, berriz, Gasteizko Jaurlaritzarekin ez dugu datarik zehaztu, hala ere, gurekin biltzeko borondatea erakutsi dute», azaldu zien herritarrei Gernikan Iratxe Arriolak.

Arriolaren esanetan, Bizkaiko Aldundiak hornidurari lotutako LEP planaren kostua bere aurrekontuan sartu beharko luke -400.000 euro beharko direla aurreikusten da-. «Aurrekontuak jada eginda daude, bileraren ondoren jakingo dugu, LEParen kostua aurrekontuan sartu duten edo ez», adierazi zuen Arriolak. URArekin, aldiz, saneamendua egiteko konpromiso ekonomikoak lortu nahi dituztela argitu zuen; «Gernikatik Bermeorainoko herriak kolektore nagusiari lotzeko 39 milioi euro inguru behar dira, beraz, adostasun batera heltzea espero dugu», esan zuen. Bestalde, Ur Partzuergoarekin zorretan daudenekin «negoziazioetan» ari direla jakinarazi zuen. Bermeoko Udalak, adibidez, milioi bat euro baino gehiago zor dizkio Partzuergoari. J.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo