Xabier Izaga | Kazetaria
Gertatzen ez dena, ezin zigortu
Teilatuetan barrena txoria gari artean bezala kantatzea «biktimak iraintzea» den honetan, Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak lau guardia zibil absolbitu berri ditu, bere ebazpenean dioenez, ez zutelako inor torturatu. Eta nik ez diot sinesten. Nik Igor Portu eta Mattin Sarasolari sinesten diet. Terroristei sinetsi Auzitegi Gorenari baino lehen...?, esango du baten batek, Gorena gidatu duten aurreiritzi berberen jabe. Izan ere, Gorenak -eta ez da susmo hutsa, ebazpenak erakusten duena baino- ez zuen aztertu atxilotu biren salaketa dela-eta beste auzitegi batek emandako ebazpena, baizik eta terrorista biren engainu saioa. Bestetik, benaz hitz eginda, galdera horrek -nola litekeen terroristei sinistea- inguru honetan ez du zentzurik.
Nik Portu eta Sarasolaren gorputz zehatuei sinisten diet, eta ez Unai Romanoren aurpegi hantu eta belztua ate batean jo izanaren ondorio zela esan zuen perituari. Eta espainiar polizia indarren jokabide larderiatsu eta bortitzak ere badu sinesgarritasun nahikoa, Estatu espainoleko auzitegi guztiek baino sinesgarritasun handiagoa, inondik ere. Errepideko kontroletan ikuste hutsak beldurrak airean jartzen gaitu, gerarazten ez bagaituzte ere. Pentsa basoan edo soto batean, haiekin bakarrean, zer senti daitekeen; pentsa hogei minuturen ondoren bost egun -eta zuk eternitatea- dituztela oraindik esaten dizutenean. Baina Portu eta Sarasolari infernuaren goxoa desiarazi zieten hogei mintutu horien ondoren beren eskuetan bost egun egongo zirela esan zieten haiek egin behar zutena baino ez zuten egin, Gorenak dioenez. Proiektu totalitarioen kontra herritarrok defenditzen ziharduten.
Estatuak ez du bere indarkeriak eragin ez dituen biktimak baino aitortzen, eta ez gara horrekin bat etorriko, baina badu bere arrazoia (estatuarena, jakina): hartara errazagoa du zigorgabetasunari eustea. Bere indarkeriaren biktimarik ez baitago, nolatan zigortuko dute inor gertatu ez den delitu batengatik? Eta Auzitegi Goren espainolak ez du hauteskundeak arte ere itxaron horrela jarraituko dutela esateko, polizia indarren eta Estatuaren aparatu guztien zigorgabetasunari eusten, ezin dute-eta gertatu ez den zerbaitegatik zigorrik jaso.
Horiek horrela, zer egin? Herri harresia ez dadila poema txar baterako izenburu hutsa.