Julen MURGOITIO
Zuria eta botilan
Arrisku-kirolak nonahi ziren garai batean, hiri handitik kanpoko naturari lotuak; hauxe bai astakeria bota berri dudana! ez dut ba aditzera eman hiri handien barruan ere izan daitekeela natura! Oraingo arriskuak, ostera, beste izaera batekoak dira, hiri barruko burtsari lotuak, ondorioak nonahikoak direla, barruan zein kanpoan. Lehengo arrisku hartara jendea propio joaten zen, nahita, lagunekin, hartarako egokitutako janzkeraz. Oraingo arriskura, berriz, jendea ez doa propio, bultzatua baizik, lagunekin ere, etiketaz janzten diren beste batzuek hartara bultzatuta. Arrisku garai hartan jendeak zubitik behera botatzen zuen bere burua, apropos, baina beti ere zubiaren estrukturari ondo lotua, berme gisa, eta irribarrea ezpainetan. Oraingo arriskuan gauzak desberdinak dira. Batzuek zubirako bidea hartzen dute, bai, zubipean logela bilatzeko asmoz. Beste batzuek, ordea, zubi gainera joan bai, bere burua handik behera botatzeko bai, baina ezelango loturarik gabe, gaurko zubi horiek ez baitute ganorazko estrukturarik. Are gehiago, ganorazko koiunturarik ere ez dute. Arrisku gizajoa! zenbat adiera duzun! Eta zenbat prima!
Batzuek modernitatea hartu dute norabide, modernitatea hartu baitzuten abiapuntu eta. Orratza burtsaren imanari itsatsita geratu zaien seinale. Kosta ahala kosta konfiantza eman behar zaie merkatuei, merkatutan bat baino gehiago egongo bailitzen! Merkatuaren eremuan Burtsa ala Bizia? galderaren erantzunak duda-izpirik baileukan. Bai zera! Demokrazia? non da horren grazia? Demonio. Orain arte, ustez, gobernuak hautestontzietatik ate- ratzen ziren, tartean ekuazio matematikoak lagun, edo etsai. Baina, honetan ere, usteak ustel. Abian den geroan Estatu batean gobernua ipini edota aldatzea ez da gehiago bertoko ontziotan izango, handik kanpoko finantza-guneetan baino. A zer-nolako karga kendu berri diguten boto-emaileoi! Are gehiago, gure Estatua bera ere ez denean! Pikutara botoak! Gora bonoak! Bono batekin behintzat garraio publikoa erabili dezakezu, baina botoarekin? Tira bada, harira demontre! ez gaitezen artaburu izan! botoek zubia indartu dezakete egun zehatzetan. Eta zubia beharrezkoa da, egiturazko zimendu onekoa izanda, arriskuaz gozatzeko, lagunekin. Propio, bultzatua izan barik. Zubiing. Uretan sor, uretan amai. Zuria eta botilan.