GARA > Idatzia > Euskal Herria

GOIURI MENDEZ IKASLE ABERTZALEAK taldEKO ORDEZKARIA

«Ikasleen eskubideek urratuta jarraitzen dute gaur egun»

Goiuri Mendez Ikasle Abertzaleak taldeko kideak azaldu duenez, unibertsitatean urratzen diren eskubideak fakultatez fakultate defendatzeko asmoz aurkeztu dira hauteskundeetara. Unibertsitate euskalduna, «kameren eta segurtasun guardien etengabeko zaintzarako zein metodologia zapaltzaileentzako lekurik ez duena», nahi dute.

p022_f01_148x156.jpg

Nerea GOTI |

Euriteei aurre eginez ospatu zuten orain dela bi aste Ikasle Eguna Villabonan, parte hartze handiarekin. «Indarra, gogoa eta ilusioa» borrokarako arma bihurtuta, Ikasleen Nazioarteko Eguna ospatu zuten aurreko ostegunean. Pragako 1939ko gertaerak gogoan, «muga, arazo eta mehatxu guztien gainetik», egungo ikasleen aldarrikapenak gogora ekarri zituzten zentro guztietan burutu ziren ekimenetan, besteak beste, itxialdien bitartez. Asteartean, beste erronka bat du Ikasle Abertzaleak taldeak, UPV-EHUko fakultateetan eta klaustroetan ordezkariak berrituko baitira -UPNAn ere aurki egingo dira hauteskundeak-. Goiuri Mendezek «fakultatez fakultate urratzen zaizkigun eskubideen defentsan» IAk egiten duen lana azaldu digu.

1939. urteko Pragako gertaerak gogoan, Ikasleen Nazioarteko Eguna ospatu berri da. Ikasleen eskubideek urratuta jarraitzen dute gaur egun?

Orain arte, unibertsitatean oihartzun handiena izan duena Bolonia prozesuaren kontrako borroka izan da. Duela bost urte hasi zen borroka, eta, nahiz eta ikasleok ezetz esan genion Boloniari, inposatu egin digute; hala, aurtengo ikasturtean jarri da martxan. Ondorioz, lehen ikasleen eskubideak urratuta bazeuden, orain are urratuago daude. Hor daude klasera joatearen derrigortasuna, tasen igoera... Aurreko urtean, adibidez, ikasle mordoa geratu ziren matrikulatu gabe ordaintzeko ezintasunagatik. Bestalde, Bolonia prozesuak berak metodologia aldaketa bat ekarri du. Gainera, geletan aplikagarria ez dela ikusi da; klase batzuetan 100 pertsona egon daitezke, baina metodologia 30 laguneko taldeetara egokituta dago soilik.

Bolonia prozesuak ekarritako aldaketez aparte, fakultate bakoitzean errealitate bat dago, baina, orokorrean, salatzekoa da kontrol soziala areagotu dutela; gero eta kamera gehiago daude fakultateetan, biltzeko tokirik ez dugu... Orokorrean, azpiegitura gabezia izugarria da. Ibaetako Arkitektura Fakultatean liburutegi baten beharra dute, Irakasle Eskolan irakasleentzat parking berri bat egin dute, baina ikasleek ez dute non aparkatu... Baldintza duinetan ikasteko eskubidea urratuta dago, eta euskaraz ikasteko eskubideak zapalduenetarikoa izaten jarraitzen duela nabarmendu beharra dugu. Horrekin lotuta hainbat borroka daude martxan, ez bakarrik Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baita EHUn ere, Farmazia edota Medikuntzako fakultateetan kasu. Hor ere ikasle euskaldunen eskubideak urratuta daude.

Zeintzuk dira zehatz-mehatz IAren erronka nagusiak hauteskundeei begira?

Fakultate bakoitzak bere borroka propioak ditu, baina IAren erronka nagusietako bat unibertsitate euskaldun bat lortzea da, ikasleak euskaldunduko dituena eta euskaraz bizi ahal izateko aukera emango duena, egun zerbitzuak, propaganda, seinaleak... gazteleraz daudelako. Unibertsitatearen demokratizazioa beste erronka bat da, ikasleek jasaten dituzten inposizio egoerak etengabeak baitira: Bolonia prozesua bera, ikasleon betebeharrak arautzeko Aresekin sinatutako hitzarmena, fakultateetan gero eta kamera gehiago izatea, mobilizazioak egiteko mugak... Horrekin batera, unibertsitatea parte-hartzailea eta herritarra izatea nahi dugu, ikasleen ordezkaritzari pisu gehiago emanez. Nahiz eta 10.000 ikasle garen, gure ordezkaritzak ez du inolaz ere horren araberako pisurik. Gainera, unibertsitateak hezkidetza sustatzea aldarrikatzen dugu; genero bereizketarik gabeko unibertsitatea nahi dugu, egoera sozioekonomikoa edota arraza kontuan hartu gabe pertsonak heziko dituena. Baldintza duinetan ikasteko eskubidea ere aldarrikatzen dugu.

Krisia dago baldintzen kaskartze horren atzean?

Murrizketen ondorioz egoera okertu egin da, baina lehen ere ez zen batere ona. Sinesgaitza badirudi ere, 50 ikaslerentzat prestatutako gela batean 150 ikasle izatera hel gaitezke, batzuek lurretik eserita egon beharra ere izaten dute... Edo ez daukagu mikrouhin labedun gelarik bazkaria berotu ahal izateko, edo mikrouhin labe bakarra dugu 3.000 lagunentzat... Horrelako egoera piloa ematen dira.

Euskal hezkuntza sistema eta unibertsitate propioa aldarrikatzen ditu IAk. Zergatik dira hain garrantzitsuak?

Herri honetan EHU, Mondragon Unibertsitatea, UPNA, Deustuko Unibertsitatea, Baionakoa... ditugu, baina ez dago Euskal Herriaren mesedetarako egina dagoen unibertsitate bat, ezta hezkuntza sistema bat ere. Hainbat administrazio ditugu eta Madrilek, Parisek, Lakuak edo Nafarroako Gobernuak nahieran egin eta desegiten dute. Herri honetan egun dauden unibertsitateak ez daude herri honen beharrizanei erantzuteko diseinatuta. Gure ustez, egungo unibertsitatea sistema kapitalistaren mesedetara dago, eta horren beharrak asetzeko ikasle eta geroko herritar eredu bat hezten du, ez Euskal Herriak orain behar duen etorkizuneko langileria eta herritarrak. Sistema nazionala aldarrikatzen dugu guk.

Boloniaren defendatzaileek beraiek ere ez dute orain hain argi ikusten, ezta?

Oso polit saldu zuten metodologia aldaketa ekarriko zuela, ikasleen parte hartzea gehiago sustatuko zuela... baina ez. Esan genuen ez zela egingarria, ikasleek ez zutelako prestakuntzarik, ez dagoelako baldintzarik horrelako metodologia aurrera eramateko. Ezinezkoa da jarraipen berezitua egitea 300 ikasle izanez gero, eta metodologiak hori eskatzen du: jarraipen eta ebaluazio berezitua. Bestalde, ezinezkoa da ikasleei eskatzen zaizkien ordu kopuruak betetzea: edo 24 orduak ikastera dedikatzen dituzu edo ezinezkoa da Boloniak ezarritako ordu eskaerari aurre egitea. Lan egiten baduzu, adibidez, ezinezkoa da egun ikasketak aurrera eramatea. Irakasle bakoitzak bere erara egin du egokitzapena, berak nahi izan duen moduan, departamentu arteko batere koordinaziorik ez da izan... Gerta daiteke irakasle batek aste batetik bestera lan bat agintzea, eta, aldi berean, beste irakasle batek ere epe berean egiteko lan bat agintzea. Horrelako egoerak sarritan ematen dira orain.

Goiuri Mendez Ikasle Abertzaleak taldeko kideak azaldu duenez, unibertsitatean urratzen diren eskubideak fakultatez fakultate defendatzeko asmoz aurkeztu dira hauteskundeetara. Unibertsitate euskalduna, «kameren eta segurtasun guardien etengabeko zaintzarako zein metodologia zapaltzaileentzako lekurik ez duena», nahi dute.

BOLONIA

«Lehen urratuta bazeuden, Bolonia prozesuaren ondorioz urratuago daude ikasleon eskubideak. Hor daude klasera joatearen derrigortasuna edota tasen igoera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo